Euskadiko gazteen % 36k euskara erabiltzen du sare sozialetan

Argitalpen-data: 

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna

Urtero, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Horregatik, Gazteen Euskal Behatokiak euskararen ezagutzari eta sare sozialetan erabiltzeari buruzko datu berriak aurkezten ditu.

Euskadiko hamar gaztetik zortzik (% 79,3k) adierazi dute euskaraz nahiko ondo edo oso ondo hitz egiten dutela. Ezagutza handiagoa da gazteenen artean, hau da, 15 eta 19 urte bitartekoen artean (% 85,2), eta askoz nabarmenagoa da Gipuzkoako gazteen artean (% 87,5), Bizkaikoen (% 75,6) eta Arabakoen artean baino (% 72,9).

Inkesta horretan Euskadiko gazteen % 36,1ek diote euskara erabiltzen dutela sare sozialetan. Erabilera hori askoz handiagoa da Gipuzkoan bizi direnen artean Bizkaian eta Araban bizi direnen artean baino, eta alde hori ez da bakarrik ezagutza mailaren araberakoa. Euskaraz dakitenen eta sare sozialetan erabiltzen dutenen arteko aldea 38 puntukoa da Gipuzkoan, 45 puntukoa Bizkaian eta 48,8 puntukoa Araban.

Adinari erreparatuta, 20 eta 24 urte bitarteko pertsonek erabiltzen dute gehien euskara sare sozialetan. 15 eta 19 urte bitartekoekin konparatuta, ikusten da 20-24 urtekoen artean ezagutza baxuagoa izan arren, erabilera handiagoa dela.

Azkenik, emakume gazte gehiagok dakite euskaraz ondo hitz egiten, gizonek baino, eta erabili ere, gehiago erabiltzen dute euskara sare sozialetan.

Euskaraz oso ondo edo nahiko ondo hitz egiten duten gazteen eta sare sozialetan euskara erabiltzen dutenen arteko alderaketa, taldeka (%)

Gazteen % 36,2k sare sozialetan euskara erabiltzen dutela esan arren, gehiago dira gaztelania edo ingelesa erabiltzen dutela dioten gazteak (% 96,2 eta % 45,4, hurrenez hurren).

Eta hizkuntza horien artean zein da sare sozialetan gehien erabiltzen dutena galdetzean, hamar gaztetik batek bakarrik dio euskara dela (% 9,6k, hain zuzen ere).

Berriro ere, ehunekoa askoz altuagoa da Gipuzkoan (% 18,7), Bizkaian (% 5,2) edo Araban (% 3,6) baino.

Sare sozialetan gehien erabiltzen duten hizkuntza euskara dela dioten gazteak, taldeka (%)

Argi dago euskararen ezagutzan pausu handiak eman direla eta gazte gehienak ondo moldatzen direla euskaraz, baina lan handia egin behar dela euskararen erabilera sustatzeko. 

Aurkeztutako datuak Gazteen Euskal Behatokiak joan den azaroan online egindako inkesta batetik datoz. Inkesta horri 15 eta 29 urte bitarteko 3.000 gaztek baino gehiagok erantzun zioten eta horien % 44k euskaraz erantzun zuten.