Azaroaren 6tik 18ra bitartean Kairon Klimari buruzko Goi-bilera egiten ari dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak datu batzuk aurkeztu ditu gai honi buruz: alde batetik, gazteek klima-aldaketari buruz duten iritzia eta, bestetik, nazioarteko akordioen eraginkortasunean duten konfiantzari buruz.
Euskadiko 15 eta 30 urte bitarteko hamar gaztetik ia zortzik (% 78,7) uste dute gaur egungo egoera larrialdikoa dela, klima-aldaketak dakarren arriskuagatik. Beste % 17,2k adierazi du egoera larria dela, baina ez larrialdikoa. % 2,1ek soilik esan du esajeratu egiten dela eta ez dela hain larria.
Gas kutsatzaileen isuriak murrizteko nazioarteko akordioekiko konfiantzari dagokionez, gazteen % 10,7k baino ez du konfiantza handia akordio horietan, eta % 29,7k konfiantza nahikoa duela dio. Beraz, hamar gaztetik lauk nazioarteko akordioetan konfiantza dutela ondoriozta dezakegu. Hala ere, gehienek (% 57,7) konfiantza gutxi edo batere ez dute.
Nazioarteko akordioekiko mesfidantza handiagoa da adin handieneko taldean (25-30 urtekoenean), talde horretan konfiantza gutxi edo batere ez dutenen ehunekoak konfiantza handia edo nahikoa dutenena bikoizten baitu.
Aurkeztutako datuak Gazteen Euskal Behatokiak 2022ko martxoaren 25etik apirilaren 4ra bitartean egindako inkesta batetik datoz. Inkesta horri 15 eta 30 urte bitarteko 3.062 gaztek erantzun zioten. Inkestan klima-aldaketari, trantsizio energetikoari eta Garapen Jasangarriko Helburuei (GJH) buruzko galderak egin ziren. Inkestaren emaitzak Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean kontsulta daitezke, zehazki, "Ikerketak eta argitalpenak" atalean.