Elkarrizketa "Aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa gazteei zuzendutako jarduera, programa eta zerbitzuetan” ikastaroko prestatzaileei. Ruth San Cristobal Garamendi eta Itziar Sánchez Garigorta. AMESTEN elkartea: Inklusio, orientazio, prestakuntza eta gizarte ekintza.
- Zergatik ikastaro hau?
Ruth: Duela 2 urte formakuntza hau egin genuen eta bertaratukoen harrera onaren eta balorazioen ondoren, berriz egitea erabaki dugu. Aniztasun funtzionala duten pertsonekin lanean aurrera egin dela uste dugu, hala ere, egia da gaur egun oraindik zaila dela aniztasun funtzionala duten gazteentzako jarduera eta programetan esperientzia inklusiboak aurkitzea. Prestakuntza honen bidez, ikuspegi zabala eskaini nahi dugu gazte-zerbitzuetan sartzeak duen garrantziari buruz, desberdintasunen balio positibotik abiatuta, eta, aldi berean, ingurune inklusiboak sortzeko tresnak partekatu.
- Inklusioa gizarte-berrikuntzako proiektua al da?
Itziar: Inklusioak izaera berritzaile nabarmena du, asebeteta ez dagoen premia soziala asetzeko modu berriak proposatzen baititu. Amesten-en ikuspegi eta metodologiek begirada aldatzea eta gizartean gogoeta egitea eragiten dute, eta harreman eta lankidetza-eredu berriak sortzen dituzte. Berrikuntza da, gainera, balio horrek gizarte osoaren ongizatean eragiten duelako, eta ez aniztasun funtzionala duten pertsonenean bakarrik.
- Zer garrantzi du komunitateak aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioan?
Itziar: Askotan, aniztasun funtzionala duen pertsonarengan jartzen dugu analisiaren fokua, gizarteak pertsonak batzuk ezgaitzen dituen moduaren ordez. Funtzionatuko duten eta pertsona guztien beharrei erantzungo dieten komunitateak eraiki behar dira. Horretarako, komunitateak zeregin garrantzitsua du, laguntza naturalak eta hurbiltasun eta konfiantzazko sarea eskaintzen baititu. Gure bizitzan zehar pertsona guztiok behar ditugu laguntzak; egia da, aniztasun funtzionala duten pertsona batzuengan laguntza horiek luzeagoak edo espezifikoagoak izan daitezkeela.
- Zergatik da garrantzitsua inklusioa eta aniztasun funtzionalaren arloan prestatzea?
Ruth: Gure ustez, aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioaren arloko prestakuntza behar da eta gazteekin lan egiten duten profesionalei espazio inklusiboak sortzeko eta dinamizatzeko estrategiak, baliabideak eta metodologiak ematea. Inklusioa pixkanaka eraikitzen den prozesu konplexua da, espazioak partekatuz eta pertsona desberdinekin denbora pasatuz, aniztasuna ezagutuz, normalizatuz eta balioetsiz.