Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna urte bakoitzeko abenduaren 5ean ospatzen da, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren aginduz. Boluntarioek eta erakundeek beren lorpenak ospatzeko, beren balioak partekatzeko eta beren lana beren komunitateen, gobernuz kanpoko erakundeen (GKE), Nazio Batuen erakundeen, gobernu-agintarien eta sektore pribatuaren artean sustatzeko balio du.
Aurtengo leloak, "Denok egingo bagenu...", mundu mailako erronkei aurre egiteko (pobrezia, desberdintasunak, gatazkak, krisi klimatikoa eta elikagaien segurtasunik eza, besteak beste) ekintza kolektiboaren, lankidetzaren eta pertsonek gidatutako konponbideen garrantzia azpimarratzen du.
Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak boluntariotzako bi programa ditu: Euskadiko Gazteak Lankidetzan eta Auzolandegiak.
Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa Euskal Autonomia Erkidegoko 22 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, udako hiru hilabeteetan Hegoaldeko herrialdeetan boluntariotza lana egiteko, eta honako helburu hauek ditu:
- Euskadiko gazteen artean elkartasunaren balioa sustatzea.
- Euskadiko gazteak garapenerako lankidetza-ekintzetan sentsibilizatzea.
- Lankidetzaren kontzeptua gazteengana hurbiltzea, ekintza horien garapena "in situ" ezagutzeko aukera eskainiz.
- Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GGKE) Hegoaldeko herrialdeetan egiten duten lana ezagutaraztea.
Oso harrera ona izan duen programa da. Hasieratik, orain dela 30 urte hona 2.463 gaztek aukera izan dute beste errealitate batzuk ezagutzeko eta mundu osoko lankidetza-proiektuetan parte hartzeko. 2023ko edizioan 64 gaztek parte hartu dute (54 emakume eta 10 gizon). Gazte horiek 9 herrialdetan (Mexiko, Honduras, El Salvador, Guatemala, Kolonbia, Ekuador, Peru, Ginea eta Uganda) egin diren hainbat proiektutan parte hartu dute.
Auzolandegiak programa adin desberdinetako gazteei zuzenduta dago (oro har, 14-17 urte bitarteko gazteentzat, adingabeen kasuan, eta 18-26 urte bitartekoentzat, helduen kasuan). Jarduera horietan, jatorri desberdinetako gazteak biltzen dira eta, borondatez eta eskuzabaltasunez, bi astetik lau astera, gizarte-proiekzioko lan bat egiteko konpromisoa hartzen dute, jarduera osagarriak egiten dituzten bitartean. Ezaugarri hauek ditu programak:
- Ohiko aisialditik ihes egiten duten jarduera sortzaile eta kooperatiboak egiten dira.
- Landa-eremuak ezagutzeko aukera eskaintzen dizu, ohiko ibilbideetatik kanpo.
- Hainbat jatorritako pertsonen arteko topagunea da, haien kultura eta ohiturak trukatzeko.
- Taldean bizitzeko esperientzia da, bakoitzaren indibidualismotik irtetea, taldean bizitzeak dituen balioak esperimentatuz.
2023an, 371 gaztek parte hartu dute (233 emakume eta 138 gizon). Kopuru horretan kontuan hartzen du bai Euskadin kokatutako 10 auzolandegietan parte hartu dutenak, bai beste autonomia-erkidegoetan edo atzerrian izandako auzolandegietan parte hartu duten Euskadiko gazteak.