Euskal Estatistika Erakundeak (EUSTAT) hiru hilean behin egindako Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkestaren (BJA) datuen arabera, Euskadiko gazteen langabezia-tasa % 15,0koa izan zen 2022an.
Langabezia-tasak adierazten du enplegurik ez duten, baina aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko kudeaketaren bat egin duten pertsona aktiboen (hau da, lan egiteko prest daudenen) ehunekoa. Ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak, ezta lanik egin ezin duten pertsona ezgaituak ere.
2020an langabeziak gora egin ondoren, Covid19aren pandemiaren ondorioz, langabeziak behera egin zuen 2021ean eta 2022an, eta, 2023ko bigarren hiruhilekoko datuak ere baieztatzen duen bezala (% 12,3an dago), behera egiten jarraitzen du.
Hala ere, INEren (Estatistikako Institutu Nazionala) Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Espainiako gazteen langabezia-tasa % 22,2koa zen 2022ko bigarren hiruhilekoan, hau da, Euskadin erregistratutakoa baino ehuneko 7,2 puntu handiagoa.
Bi alderdi nabarmendu behar dira: Euskadi dela gazteen artean langabezia-tasarik txikiena duen Autonomia Erkidegoa, eta bai Euskadik bai Autonomia Erkidegoek langabeziaren beherakada izan dutela, 2020ko Covid19aren pandemiaren ondorioz jasandako gorakadaren ondoren.
Okupazio-tasari dagokionez, hau da, enplegua duten 16-29 urteko gazteen ehunekoa adin-talde bereko pertsona guztiekiko, 2020tik 2022ra bitartean Euskadin enplegua duten gazteen ehunekoa % 37,3tik % 42,3ra igo zela ikus dezakegu. Balio horrek Euskadi Espainiako batez bestekoaren gainetik jarriko luke (% 38,8), Kataluniarekin, Balearrekin eta Madrilgo Erkidegoarekin batera, gazteen artean okupazio-tasa handienak dituzten autonomia-erkidegoak baitira.