Euskadiko gazteen langabezia-tasa ehuneko 2,2 puntu jaitsi da, 2023ko lehen hiruhilekotik bigarren hiruhilekora.
Langabezia-tasaren jaitsiera handiagoa izan da 16 eta 29 urte bitartekoen artean, biztanleria osoan baino, Euskadiko langabezia-tasa orokorra % 8,7tik % 7,4ra pasatu baita. Gainera, tasa orokorraren eta gazteriari dagokionaren arteko aldea murriztu da eta 2023ko bigarren hiruhilekoan ehuneko 4,9 puntukoa izan da.
Aurkeztutako datu hauek Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren emaitzak dira, 2023ko bigarren hiruhilekoari dagozkionak, hain zuzen ere. BJA Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitarteko gazteen datuak helarazten dizkio, azken honek gazteen egoera aztertu ahal izateko.
Langabezia-tasak zera adierazten du: enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsona aktiboen ehunekoa. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten ezgaituak.
2020an langabezia-tasak gora egin zuen, Covid19aren pandemiak sortutako egoeraren ondorioz. Gero, 2021ean eta 2022an, behera egin zuen eta 2023an beheranzko joerarekin jarraitzen du, bigarren hiruhileko datuak adierazten duen bezala.
2012tik, langabezia-tasak bigarren hiruhilekoetan izan duen bilakaerak erakusten du egungo tasa azken hamarkadako onena dela, bai eta pandemiaren aurreko urteetan lortutakoak hobetzen dituela ere.
2023ko bigarren hiruhilekoan, emakume gazteen langabezia-tasa (% 11,5) gizon gazteena (% 12,9) baino txikiagoa da, eta gizonena baino jaitsiera handiagoa izan du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, orduan % 15,3koa baitzen emakumeen artean eta % 13,8koa gizonen artean.
Emakume eta gizon gazteen langabezia-tasak 2019ko bigarren hiruhilekotik 2023ko bigarren hiruhilekora izan duen bilakaeraren azterketak erakusten du, berriro ere, emakume gazteen langabezia-tasak gizonena baino jaitsiera handiagoa izan duela, 2022ko bigarren hiruhilekoko datuen aldean.
Datu horiek zuzenean lotuta daude Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 Agendaren 8. helburuarekin, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa", eta, zehazkiago, 8.5 helmugarekin: Hemendik 2030era, enplegu osoa eta produktiboa eta lan duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, baita gazteentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat ere, eta balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea.