Euskadin iaz gertatutako lan-istripuen % 22,9etan biktimak 16 eta 34 urte bitarteko gazteak ziren

Argitalpen-data: 

Laneko ezbehar-tasa handiagoa da gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino

2022an, Euskadin, Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen baja eragin zuten 34.282 lan-istripu gertatu ziren. Istripu horietatik, 35 urtetik beherako langileei zegozkienak 7.853 ziren; hau da, 2022an izandako lan-istripuen % 22,9etan biktimak 16 eta 34 urte bitarteko gazteak ziren.

Gizarte Segurantzan afiliatutako 35 urtetik beherako gazteen artean, baja eragin duten lan-istripuen bilakaera enpleguaren egoerarekin lotuta dago. 2008an hasitako krisi ekonomikoaren ondorioz, enplegu-tasek behera egin zuten (eta langabezia-tasak, aldiz, gora), eta lan-istripuek ere behera egin zuten. Era berean, COVID19aren pandemiak eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen (ERTE) hazkundeak baja-partea zuten lan-istripuen beherakada ekarri zuten.

Lan-istripuak ohikoagoak dira gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino, baina joera antzekoa da kasu bietan.

Euskadin Gizarte Segurantzan afiliatutako 16-34 urteko langileen bajadun lan-istripuen kopuruaren bilakaera, sexuaren arabera (absolutuak)

Izan ere, Gizarte Segurantzan afiliatutako 16-34 urteko biztanleen laneko (lantokian edo joan-etorrietan) istripuen kopurua jasotzen duen laneko ezbehar-tasaren indizea kalkulatzen badugu, ikusten dugu 2022an, guztira, milako 38,9koa dela, alde handiarekin gizon eta emakume gazteen artean: gizonen artean, milako 54,7koa da, eta emakumeen artean, milako 21,2koa.

Bestalde, gazteen adinak gora egin ahala, lan-istripuek ere gora egiten dute, 2022ko datuak biltzen dituen hurrengo taulan ikus daitekeen bezala, eta horrek zerikusia du enplegua duten eta, beraz, lan-istripuren bat (lanean edo joan-etorrietan) izateko arriskua duten pertsonen kopurua handitzearekin.

Hala ere, laneko ezbeharren kopuruaren igoera ez da mailaz mailakoa; izan ere, 25 urtetik beherako gazteen lan-istripuen kopurua ez da 25-29 urtekoei dagokienarekin alderatuta hainbeste aldatzen, baina okupazio-tasak oso desberdinak dira. Horrek esan nahi du 25 urtetik beherako langileen artean lan-istripuen proportzioa handiagoa dela.

Okupazio-tasak eta lan-istripuak Euskadiko 16-34 urteko gazteen artean 2022an, adin-taldeen arabera

2022ko datuekin jarraituz, gazteen istripuen erdia baino gehiago zerbitzuen sektoreari lotutako enpleguetan erregistratu ziren ( % 61,3, zehazki), baina, egia esan, sektore horretan lan egiten dute gazte gehienek (16 eta 34 urte bitarteko landunen % 78,1ek). Hala ere, industriaren eta eraikuntzaren sektoreetan, proportzioan, horietan lan egiten duten gazteen bolumenagatik legokiekeena baino istripu gehiago gertatu dira.

Okupazioaren eta lan-istripuen portzentajeak Euskadiko 16-34 urteko gazteen artean 2022an, sektore ekonomikoen arabera

Azkenik, 2022an gazteen artean gertatutako lan-istripuen % 99,5 istripu arinak ziren, baina 35 istripu larri eta 2 hilgarri gertatu ziren. Zoritxarrez, aztertutako urte guztietan istripu hilgarriren bat zenbatu da.

Osalanek, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, Euskadiko lan-istripuei buruzko datuak ematen dizkio urtero Gazteen Euskal Behatokiari. Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean, online estatistiketan, kontsulta daitezke, zehazki "Lan-istripuak" atalean, "Lana eta egoera ekonomikoa" izeneko gaiari lotutako adierazleen artean.

Laneko segurtasuna Garapen Jasangarriko Helburuen 2030 Agendaren puntu garrantzitsu bat da, eta 8. helburuaren barruan, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa", jasota dago, zehazki 8.8. xedean: Lan-eskubideak babestea eta langile guztientzako (langile migratzaileak barne) lan-ingurune seguru eta arriskurik gabea sustatzea, bereziki emakume migratzaileentzat eta enplegu prekarioak dituzten pertsonentzat.

 Garapen Jasangarriko Helburuen 2030 Agendaren 8. helburua:  Lan duina eta hazkunde ekonomikoa