65 urte edo gehiagoko biztanleen kopurua are gehiago handituko da eta, ondorioz, nagusien zenbatekoak ia bikoiztu egingo du gazteena
Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, burutzen dituen demografia-proiekzioen arabera, Euskadik 2033an 2023an baino 65.200 biztanle gehiago izango ditu, baina biztanleriaren hazkunde hori ez da berdina izango adin-tarte guztietan; izan ere, 40 eta 49 urte bitartean, bai eta 5 eta 14 urte artean ere, nabarmen jaitsiko da biztanleen kopurua.
Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen kasuan, 40.900 gazte gehiago egongo dira hamar urte barru; gazteen zenbatekoa 314.900 izatetik 355.800 izatera pasatuko da 2023tik 2033ra, nahiz eta 15 eta 19 urte bitartekoak orain baino pixka bat gutxiago izango diren.
15 eta 29 urte bitartekoen hazkundeak kontuan hartzen du, alde batetik, orain 5-19 urte dituztenek 2033an 15-29 urte izango dituztela eta, bestetik, gazteen migrazio-saldoa positiboa izango dela.
Gazteen indizea, Euskadiko biztanleria osoarekiko gazteen proportzioa adierazten duena, handituko da eta % 14,4tik % 15,8ra igoko da 2023tik 2033ra.
Hala ere, 64 urte baino gehiago dutenen kopurua nabarmen handituko denez, 15 eta 29 urte bitartekoen eta 64 urtetik gorakoen arteko ratioak erakusten digu etorkizunean biztanleria zaharragoa izango dela: 2033an 64 urtetik gorako 100 pertsonekiko 56,1 gazte egongo dira, eta 2023an ratio hori 62,3 da. Hau da, 2033an, nagusien (>64) zenbatekoak ia bikoiztu egingo du gazteena (15-29).
Eusko Jaurlaritzak 2022an onartu zuen Erronka Demografikorako 2030erako Euskal Estrategia. Estrategia horretan, hainbat neurri jasotzen dira demografiaren berreskurapenaren aldeko baldintza-ekosistema bat eratzeko. Erronka demografikorako 2030erako Euskal Estrategia bi dokumentutan aurkezten da, eta esteka hauetan kontsulta daitezke: