Zientzia astea 2023

Argitalpen-data: 

Urtero, azaroan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea ospatzen da. Gazteen Euskal Behatokiak aste horretan parte hartu nahi du Euskadiko unibertsitateetako zientzien adarreko ikasketetan gizon eta emakume gazteek duten presentziari buruzko datu batzuk zabalduz.

2021/2022 ikasturtean, Euskadiko unibertsitateetan, 30 urtetik beherako 61.690 pertsona matrikulatu ziren mota guztietako gradu, master ofizial edo doktoretzetan. Erdiak baino gehiago emakumeak ziren; zehazki, 33.726 emakume eta 27.964 gizon.

Euskadin matrikulatutako 61.690 pertsona horietatik 3.907 zientzien adarreko graduetan, masterretan edo doktoretzetan apuntatu ziren. Zehazki, 2.865 gradu batean matrikulatu ziren, 311 masterren batean eta 731 doktorego batean. Zientzien adarrak honako titulazio hauek biltzen ditu: Biologia, Biokimika eta Biologia molekularra, Bioteknologia, Elikagaien zientzia eta teknologia, Ingurumen-zientziak, Fisika, Geologia, Matematikak eta Kimika.

Zientziek biltzen dute euskal unibertsitateetan matrikulatutako gazteen ehuneko txikiena, % 6,3 baino ez, baina egia da zientzien gradu gehienetan eskainitako plazen kopurua beste gradu mota batzuetan baino txikiagoa dela.

2021/2022 ikasturtean Euskadiko unibertsitateetan matrikulatutako  30 urtetik beherako ikasleen banaketa, ikasketa-adarraren arabera (%)

Nolanahi ere, 2021/2022 ikasturtean zientzietako gradu, master edo doktoregoetan matrikulatutako 30 urtetik beherako emakumeen kopurua gizonena baino handiagoa izan zen: 2.020 eta 1.887, hurrenez hurren.

Arreta zientzien adarreko graduetan izandako matrikulazioetan soilik jartzen badugu (master ofizialak eta doktoregoak kontuan hartu gabe, beraz), ikusten da horiek nabarmen igo zirela 2010etik 2014ra, eta ordutik hona antzeko zifretan mantentzen direla, eskainitako plaza-kopuruak baldintzatuta, bestalde. Unibertsitateko gradu mota horretan matrikulatutako 30 urtetik beherako emakumeen kopurua adin bereko gizonena baino handixeagoa da aztertutako seriean.

Euskadiko unibertsitateetan zientzia adarreko graduetan matrikulatutako 30 urtetik beherako ikasleen bilakaera, sexuaren arabera (absolutuak)

2021/2022 ikasturtean, emakumeen presentzia nagusi izan zen ia zientzietako gradu guztietan, Fisikan eta Geologian izan ezik, non gizon gehiago zeuden emakumeak baino, eta Ingurumen-zientzietan, non gizonen eta emakumeen kopuruak ia berdinak ziren.

2021/2022 ikasturtean Euskadiko unibertsitateek eskaintzen dituzten zientzien adarreko graduetan matrikulatutako 30 urtetik beherako emakumeen eta gizonen ehunekoa

Agenda 2030 Garapen Jasangarrirako 4. helburua: Kalitatezko hezkuntza