Saioa Magunazelaia González. Osasun- eta hezkuntza-psikologoa. Traumaterapeuta sistemikoa, bitartekaria eta prestatzailea
Sara González Muro. Psikologo psikoterapeuta, bitartekaria eta prestatzailea
- Gizarteak gero eta kontzientziatuago dirudi gai honen garrantziaz, ezta?
Hala da. Gizarte gisa, urteak daramatzagu eskola-jazarpenaren eta ziber jazarpenaren garrantzia, nola prebenitu eta nola esku hartu azpimarratzen. Alabaina, horretan dihardugun erakundeetan uste dugu oraindik asko geratzen dela egiteko. Gai deserosoa da ikastetxeentzat eta familientzat, eta sufrimendu handia eragiten du. Hasiera batean, biktimaren sufrimenduan pentsatzen dugu, hori da argiena eta horretan eragin behar dugu lehendabizi, baina ez dugu ahaztu behar, bai jokabide erasotzailea duten pertsonek, eta bai lekuko bihurtzen direnek uneren batean pairatzen duten sufrimendua eta errua; gainera, ikastetxearen zatirik handiena dira. Ezin dugu ahaztu ikuspegi hezitzailea eta erreparatzailea bullying eta ziberbullying kasuetan esku hartzean, hezkuntza-komunitate osoan aldaketa osasungarriak sustatzera bideratuta egongo dena. Aukera bat da elkar ondo tratatzen ikasteko, talde gisa elkar zaintzen ikasteko, tratu txarraren aurrean axolagabe ez izaten ikasteko.
- Kosta egiten da erreparazioan edo ikaskuntzan pentsatzea hedabideetan, zoritxarrez, horrelakorik izan ez den bullying eta ziberbullying kasuak ikusten ditugunean. Hori pairatzen urteak pasa dituzten kasuak eta ezer ez edo ezer gutxi egin den kasuak…
Hain zuzen ere, kasu horiek sistemaren porrota dira. Garaiz antzematea eta irmo esku hartzea dira jazarpena geldiarazteko eta protagonista guztiengan bullyingaren eragin negatiboak murrizteko bi gako. Arestian esan bezala, gai deserosoa da, batzuetan beldurra ematen du esku-hartze ona egiteko beharrezkoak diren protokoloak martxan jartzeak, baina, zalantzarik gabe, eskura dugun tresnarik onena da eskola-jazarpena antzemateko, esku hartzeko eta geldiarazteko. Hori azpimarratuko dugu, hain zuzen ere, tailerrean. Beharrezkoa da protokoloa, jarraitu beharreko pausoak eta gakoak sakon ezagutzea, bai ikasleekin eta bai familiekin esku hartzeko garaian.
- Batzuetan ikastetxeek sentitzen dute ez daukatela esku hartzeko tresnarik…
Horrexegatik dira garrantzitsuak tailer hauek, derrigorrez bete beharreko esku-hartze protokolo bat baitaukagu, jarraitu beharreko pausoen gida osoa. Baina nola esku hartu, zein prozesu eta metodo diren egokienak erabakitzeak etengabeko prestakuntza eskatzen du.
Tailer hauetan oso ohikoa da BAT (Bullying Aurkako Taldea) taldeko pertsonak egotea, prestatzen jarraitzen dutenak geroz eta ezagutza eta estrategia gehiago izateko, hobeto esku hartu eta lehenago egin ahal izateko. Bullyinga oso fenomeno konplexua da, eta kasuak banan-banan aztertzeko beharra ezin dugu ahaztu.
Era berean, esan behar dugu esku-hartzea errazagoa eta eraginkorragoa izaten dela kasua zenbat eta lehenago antzeman eta egoera zenbat eta gutxiago gaiztotuta egon. Horregatik, guk behin eta berriz azpimarratzen dugu prebentzioa eta hezkuntza-komunitate osoaren kontzientziazioa: ikasleak berak, irakasleak, irakasle ez diren langileak eta familiak kontzientziatu behar dira, bullying kasua eta hala ez dena ondo bereizteko gakoak ezagutu ditzaten eta ikastetxea jakinaren gainean jar dezaten. Eta hau zaila izaten da. Oraindik ere asko kostatzen da hezkuntza-komunitate osoari ulertaraztea kontatzea ez dela “txibatzea” eta ez direla haurren kontuak.
- Jakina, izan ere, batzuetan irakasleak eta familiak izaten dira jakiten azkenak…
Hori esaten digute datuek eta kezkagarria da. Horregatik da hain garrantzitsua adierazleak ezagutzea eta bullying kasu baten susmoa dagoenean, zer ari den gertatzen ikertzen hastea. Behartuta gaude protokoloa irekitzera, segurtasuna bermatuko duten neurriak ezartzera eta ikerketa-prozesu bati ekitera, tratu txarraren kasu baten aurrean gauden edo ez argitzen laguntzeko. Ondorioa edozein dela ere, esku hartu beharreko egoera baten aurrean gaude, norbait sufritzen ari baita. Horregatik ez zaio beldurrik izan behar protokoloa irekitzeari. Gainera, oso tresna eraginkorra da bizikidetzari laguntzen diolako, segurtasun juridikoa ematen duelako eta oinarritzat gure ikastetxeetako ikasleen ongizatea sustatzea duelako.
- Zer ikasiko dugu tailer-ikastaro honetan?
Prestakuntza, praktikoa, kasuen analisian ardaztuko da. Bere helburua da hezkuntza-eragileei beharrezko tresnak eta estrategiak ematea bullying eta ziberbullying kasuak garaiz antzemateko eta, batez ere, inplikatutako pertsona guztiekin esku-hartze arina eta eraginkorra egiteko gakoak ematea.