Jarraian aurkeztuko diren datuak EUSTATen Ospitaleetako erikortasun-estatistikatik datoz. EUSTATek 15 eta 29 urte bitarteko gazteei buruzko informazioa eman dio Gazteen Euskal Behatokiari.
Ospitaleetako erikortasun-estatistikan Euskadiko akutuen ospitaleetako (“hospitales de agudos”) ospitaleratzeen zifrak jasotzen dira, egonaldi ertain eta luzeko ospitaleak eta ospitale psikiatrikoak alde batera utzita, beraz. Ospitaleratzeei buruz hitz egitean, alta eman zaien pazienteak zenbatzen dira, eta, nazioarteko konparagarritasun-arrazoiengatik, ospitaleratze-modalitatean egun bateko edo gehiagoko egonaldia duten ospitaleratzeak soilik hartzen dira kontuan.
Ospitaleetako erikortasunaren-estatistikak 21 diagnostiko-talde handitan sailkatzen ditu ospitaleratzeak, eta talde horiek, ondoren, hainbat motatan banatzen dira. Diagnostiko-talde handi horien arabera, 2021ean ospitalizazioen rankinga ezartzen badugu, ikusiko dugu Euskadiko biztanleria osoan buru-nahasmenduak eta portaera-nahasmenduak sailkapen horren hamaikagarren postuan egon zirela (ospitaleratze guztien % 3,2 arrazoi horrengatik izan ziren). 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean, berriz, laugarren postuan zeuden, eta urte horretan izandako gazteen ospitaleratze guztien % 10 izan ziren (eta gogoratu behar da zifra horiek ez dituztela jasotzen ospitale psikiatrikoetako ospitaleratzeak).
Oro har, 15-29 urteko emakumeek ospitaleko alta kopuru handiagoak dituzte beren adineko gizonek baino, batez ere haurdunaldiagatiko, erditzeagatiko eta erdiberriarengatiko ospitaleratzeengatik, horiek baitira, alde handiarekin gainera, emakume gazteen ospitalizazio-kausa nagusia (ospitalizazio guztien % 37,5 ziren 2021ean).
Kausa hori ezabatzen badugu, gizonen artean ezinezkoa delako, eta 2021eko zifrak kontuan hartuta, ikus dezakegu emakume gazteen artean, ospitalizazioaren lehen kausa digestio-aparatuko gaixotasunak izango liratekeela; bigarrenik, aparatu genitourinarioko gaixotasunak, eta hirugarrenik, buru-nahasmenduak eta portaera-nahasmenduak.
Gizon gazteen artean, ospitaleratzeko lehen arrazoia, aurreko urteetan bezala, traumatismoak, pozoitzeak eta kanpoko kausen beste ondorio batzuk izan ziren; bigarren kausa digestio-aparatuko gaixotasunak izan ziren, eta hirugarrena buruko eta portaera-nahasmenduak.
Buru-nahasmenduei eta portaera-nahasmenduei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu 2021ean emakumeek gizonek baino ospitaleratze-zifra altuagoak zituztela arrazoi horrengatik, aurreko urteetako joera hautsiz.
2021ean, buru-nahasmenduak eta portaera-nahasmenduak izan ziren 15-19 urteko emakumeen ospitaleratzeen arrazoi nagusia, lehen aipatutako beste arrazoi batzuen aurretik, eta kolektibo horretako akutuen ospitaleetako ospitaleratze guztien % 19,1 izan ziren, 358 kasurekin. 2020an ere 20 urtetik beherako emakumeen ospitaleratzeen lehen kausa izan ziren, baina zifra absolutuak txikiagoak (239), eta portzentajeetan % 15,2a osatzen zuten. Aurreko urteetan ez ziren 200 kasuetara iritsi, beraz, goranzko bilakaera nabarmena izan da.
Gainera, 2021ean, buru-nahasmenduengatik eta portaera-nahasmenduengatik ospitalean izandako 15-19 urteko emakumeen zifrak (358) 20-24 urteko emakumeenak (200) edo 25-29 urteko emakumeenak (153) baino askoz handiagoak izan ziren.
Gizon gazteen artean, ordea, buru-nahasmendu eta portaera-nahasmenduengatiko ospitaleratzeen zifrak nahiko egonkorrak dira urte horietan, eta gehiago dira gizonen ospitaleratzeak 20-24 eta 25-29 urteko taldeetan, 15-19 urteko gazteen artean baino.
Aztertutako urte hauetan guztietan, eskizofrenia, nahaste eskizotipikoa, eldarnioa eta gogo-egoerarekin zerikusirik ez duten beste nahasmendu psikotiko batzuk izan dira akutuen ospitaleetan gazteen ospitaleratze gehien eragin dituzten buru-nahasmendu edo portaera-nahasmendu motak. Hala ere, arrazoi horrengatiko ospitaleratzeak nahiko egonkorrak izan dira datuak ditugun azken urteotan. Aitzitik, gazteen ospitaleratzeen kopuruak gora egin du 4 diagnostiko-motaren arabera: 1) helduen nortasun- eta portaera-nahasmenduak, 2) gogo-aldartearen nahasmenduak (afektiboak), 3) antsietate-nahasmenduak, disoziatiboak, estresarekin, somatomorfoekin eta psikotikoak ez diren beste nahasmendu mental batzuekin lotutakoak, eta 4) nahasmendu fisiologikoekin eta faktore fisikoekin lotutako portaera-sindromeak, ia guztiak elikadura-jokabidearen nahasmenduekin bat datozenak.
Emakume eta gizon gazteen artean ohikoenak diren buru-nahasmendu motei erreparatzen badiegu, alde nabarmenak ikusiko ditugu sexuaren arabera. Gizonek ospitaleratze gehiago izaten dituzte eskizofreniagatik, nahasmendu eskizotipikoagatik, eldarnioagatik eta gogo-egoerarekin zerikusirik ez duten beste nahasmendu psikotiko batzuengatik, bai eta substantzia psikoaktiboen kontsumoak eragindako buru-nahasmenduengatik eta portaera-nahasmenduengatik ere. Emakume gazteek, aldiz, ospitaleratze kopuru handiagoak dituzte ondoko arrazoiengatik: helduen nortasun- eta portaera-nahasmenduak, gogo-aldartearen nahasmenduak (afektiboak), antsietate-nahasmenduak, disoziatiboak, estresarekin, somatomorfoekin eta psikotikoak ez diren beste nahasmendu mental batzuekin lotutakoak eta elikadura-portaeraren nahasmenduak.
Osasuna eta ongizatea Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren hirugarren helburua da.