Gazteen Euskal Behatokiak 'Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2023' txostena aurkeztu du
Seriearen txosten berri honek aztertzen du zenbat kostatzen zaion, teorian, soldatapeko 18 eta 34 urte bitarteko gazte bati bere kabuz emantzipatzea, etxebizitza erosten badu zein alokatzen badu.
Horretarako hamar adierazle kalkulatzen dira. Adierazle horiek etxebizitza librea erosteak edo alokatzeak dakarren kostu teorikoa adierazten dute. Kostu teorikoa da, oinarritzat hartzen diren datuak batezbestekoak baitira: erosten edo alokatzen diren etxebizitza libreen batez besteko prezioak, gazteen batez besteko soldatak eta hipoteka-maileguen baldintza arruntak. Beraz, egoera orokorrak aztertzen dira eta ez kasu indibidualak.
Datuak eta beraien bilakaera Euskadi osorako aurkezten dira, bai eta lurralde historiko bakoitzerako ere. Gainera, sexuaren eta adin-taldeen arabera bananduta azaltzen dira. Eta, adierazle batzuetarako, Espainia osoarekin konparatzeko datuak ere badaude.
Txostenean kontsulta daitezke, besteak beste, 10 adierazleen balioak, haien bilakaera, nola kalkulatzen diren, erabilitako datu-iturriak, bai eta 30 urtetik beherako gazte guztientzako balioak ere.
Txostenaren emaitzek adierazten dute 18-34 urteko soldatapeko batek gainzorpetu egin beharko lukeela hipoteka edo alokairu-errenta bere kabuz ordaindu ahal izateko, etxebizitza-merkatu libreko egungo prezioen arabera.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzak 2030erako euskal estrategia du abian, gazteen emantzipazioa bultzatzeko.
Estrategian jasotako neurri zehatzetako bat Emantzipa Programa da. Programa hori etxebizitza bat erosi edo alokatu duten 25 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzeneko laguntza ekonomikoa ematean datza, bere emantzipazio-prozesuak babesten, bizkortzen eta sostengatzen laguntzeko.