Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa, 2023ko laugarren hiruhilekoan, azken urteetako baxuena da: % 10,8.
Aurkeztutako datu hauek Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren emaitzak dira, 2023ko laugarren hiruhilekoari dagozkionak, hain zuzen ere. BJA Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitarteko gazteen datuak helarazten dizkio, azken honek gazteen egoera aztertu ahal izateko.
Langabezia-tasak zera adierazten du: enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsona aktiboen ehunekoa. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten ezgaituak.
2020an, Covid19aren pandemia zela eta, langabeziak gora egin ondoren, langabezia-tasak behera egin zuen 2021ean eta 2022an, eta behera egiten jarraitu du 2023an. Gainera, 2023an eten egin da 2019ko, 2021eko eta 2022ko joera, urte horietan langabezia-tasak gora egin baitzuen urteko azken hiruhilekoan; 2023an, aldiz, langabezia-tasak behera egin du laugarren hiruhilekoan, urteko aurreko hiruhilekoen aldean.
2023ko laugarren hiruhilekoan gazteen langabezia-tasa 3,8 puntu handiagoa izan da Euskadiko biztanleria orokorrari dagokiona baino (% 10,8 eta % 7,0, hurrenez hurren).
Kolektiboei dagokienez, azken neurketa honetan gizon gazteen langabezia-tasa emakume gazteena baino zertxobait handiagoa izan da. Joera hori bera ikusten da biztanleria orokorrean, baina aldeak oso txikiak dira. Lurralde historikoen arabera, gazteen langabezia-tasarik altuena Araban izan da, eta txikiena, berriz, Gipuzkoan. Biztanleria orokorraren kasuan, Gipuzkoak du tasarik txikiena, baina ez dago alderik Arabaren eta Bizkaiaren artean.
Datu horiek zuzenean lotuta daude Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren 8. Helburuarekin, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa", eta, zehazkiago, 8.5 helmugarekin: Hemendik 2030era, enplegu osoa eta produktiboa eta lan duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, baita gazteentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat ere, eta balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea.