Euskal Estatistika Erakundeak (EUSTAT) egiten duen Bizi Baldintzei buruzko Inkestak etxeko lanetan eta pertsonen zaintzan parte hartzeari buruz galdetzen du. Gazteen Euskal Behatokiak 2019ko datuak aztertu ditu (eskuragarri dauden azkenak, 2024ko inkestaren zain), eta, jarraian, zeregin mota horietan gizonen eta emakume gazteen artean dauden partaidetza-aldeak erakusten ditu, 16 eta 34 urte bitarteko gazteak kontuan hartuta.
Euskadiko 16 eta 34 urte bitarteko emakumeen % 93,9k eta gizonen % 88,0k proposatutako lanen batean edo gehiagotan parte hartzen dute.
Grafikoan ikus daitekeenez, emakumeek gizonek baino gehiago parte hartzen dute proposatutako zeregin mota guztietan. Ezberdintasun nagusia arropa prestatzeari (garbitu, lisatu, josi) dagokiona da.
Emakumeen artean, gehien egiten diren zereginak harrikoa egitea eta etxea garbitzea dira; gizonen artean, berriz, harrikoa egitea eta etxerako elikagaiak eta beste produktu batzuk erostea.
Bai emakume gazteek bai gizon gazteek gutxien betetzen dituzten zereginak haurrak eta, batez ere, adinekoak eta/edo mendekoak zaintzea dira. Nolanahi ere, adierazi behar da etxe edo familia askotan ez dagoela zaindu beharreko haurrik edo adinekorik.
Bestalde, 16-34 urteko emakumeek etxeko lanetan eta zaintza-lanetan duten parte-hartzea 35-64 urteko eta 65 urteko eta gehiagoko emakumeekin alderatzen badugu, ikusiko dugu proposatutako zeregin mota guztietan emakume gazteek 35-64 urteko emakumeek baino gutxiago parte hartzen dutela. Bi adin-talde horien arteko desberdintasun nagusiak janariak eta arropa prestatzearekin lotutakoak dira. Haurren zaintzari dagokionez ere alde handiak daude.
Emakume gazteek 65 urtetik gorakoek baino ehuneko handiagoak dituzte haurrak zaintzeari eta etxea garbitzeari dagokienez; hala ere, adinekoek baino gutxiago parte hartzen dute janariak prestatzen eta arropa zaintzen.
2030 Agendaren lehentasunen euskal programak, 2021-2024 aldirako jarduera-planean, Gobernu Programaren 150 konpromiso eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekiko harremana ezartzen ditu. Konpromiso horietatik jarduera zehatzak sortzen dira. Konpromiso horiek 25 jardun-arlotan egituratuta daude. 13. arloa "Genero-berdintasuna" da.
Gainera, arlo horrek lotura zuzena du Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren bosgarren helburuarekin, “Genero-berdintasuna” izenekoa hau ere.