Soldatapeko gazteen aldi baterako enplegu-tasak behera egin du, ia hamar puntu, 2022tik 2023ra eta % 50en azpitik dago

Argitalpen-data: 

Soldatapeko gazteen aldi baterako enplegu tasak zera adierazten du: aldi baterako kontratua duten 16 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, beren adin-talde bereko soldatapeko gazte guztiekiko.

2023an, tasa hau % 46,0koa izan da, 2022an izandakoa baino ia hamar puntu baxuagoa eta 2021eko tasarekin konparatuz gero, hogei puntu txikiagoa. 2023an izandakoaren antzeko tasak aurkitzeko 2010era eta 2011ra arte egin beharko genuke atzera.

Aldi baterako enplegu tasaren jaitsieraren hasiera bat dator 2021eko abenduaren 31n (hau da, 2022an) lan-erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuan[1] jasotako neurriak indarrean jartzearekin.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko soldatapeko gazteen aldi baterako enplegu-tasaren bilakaera (%)

Soldatapeko emakume gazteek aldi baterako kontratuen ehuneko handiagoak dituzte soldatapeko gizon gazteek baino (% 50,2 eta % 42,2, hurrenez hurren, 2023an). Behin-behinekotasuna, aldi baterako kontratuen ehunekoaren bidez neurtzen dena, hedatuagoa dago 16-24 urteko soldatapekoen artean (% 57,2) 25-29 urtekoen artean baino (% 39,1).

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko soldatapeko gazteen aldi baterako enplegu-tasa 2023an, sexuaren eta adin-taldeen arabera (%)

Euskadiko 16 urtetik gorako soldatapeko langile guztien aldi baterako enplegu-tasa % 21,4koa da eta kasu honetan ere ikusten da emakumeek gizonek baino behin-behinekotasun tasa handiagoa dutela.

16 eta 29 urte bitarteko soldatapeko gazteen eta 16 urtetik gorako soldatapeko biztanleriaren aldi baterako enplegu-tasen arteko alderaketa Euskadin 2023an, sexuaren arabera (%)

Aurkeztutako datuak hiru hilean behin jasotzen ditu Eustatek, Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkestaren bidez (BJA); ondoren, Eustatek hiruhileko datuak gehitzen ditu urteko tasak kalkulatzeko, eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitarteko gazteei dagozkien datuak ematen dizkio.

2030 Agendaren lehentasunen euskal programak, 2021-2024 aldirako jarduera-planean, Gobernu Programaren 150 konpromiso eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekiko harremana ezartzen ditu. Konpromiso horietatik jarduera zehatzak sortzen dira. Konpromiso horien artean “enpleguaren kalitatearen hobekuntza” dago, besteak beste, eta kalitate hori neurtzen duten adierazleen artean behin-behinekotasuna dago.

2030 Agendaren lehentasunen euskal programa

Enpleguaren kalitatea hobetzeko konpromiso hori zuzenean lotuta dago Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren 8. helburuarekin, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa", eta, zehazkiago, 8.3 eta 8.5 helmugekin. 8.3 helmuga hauxe da: “Ekoizpen-jarduerak, lanpostu duinak sortzea, ekintzailetza, sormena eta berrikuntza bultzatuko dituzten garapen-politikak sustatzea, eta mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen formalizazioa eta hazkundea bultzatzea, baita finantza-zerbitzuak eskuratuz ere”. Eta 8.5 helmugak zera proposatzen du: “Hemendik 2030era, enplegu osoa eta produktiboa eta lan duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, baita gazteentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat ere, eta balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea.”

Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren 8. helburua

[1] https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2021-21788&tn=1&p=20230301