Artikuluak

Ikasle etxebizitza bat alokatzea

Ikasle etxebizitza bat alokatzea

Ikasle etxebizitza bat alokatzea

egilea: Gazteaukera, 

Udaraz gozatzeak ez digu galarazten iraila aldaketaz beteta etorri daitekeela gogoratzea. Baliteke ziklo berri bati hasiera ematea: Batxilergoa amaitu eta unibertsitatean hastea, eta gainera gurea ez den udalerri batean! Edota partekatutako pisu batera bizitzera joatea lehenengo urtea ikasle egoitzan eman ondoren.

Pisu partekatu batean bizitzea aukeratu baduzu, hona hemen baliagarria izan daitekeen informazioa.

Nondik hasiko naiz?

Euskadiko Unibertsitateko campus guztietan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) Ostatu programa aurkitu dezakegu. Ostatu etxebizitza edo logelak alokatzearen inguruan lagungarria izan dakigukeen UPV/EHUren zerbitzua da.

Beste aukera bat Interneten, aldizkarietan edo tokiko egunkarietan bilatzea izan daiteke. Edota foroetan sartzea ere. Hala nola, unibertsitatea.net. Iragarkiak atalean begiratu. Hemen pisua bilatzen duten jendearen iragarkiak aurkitu ditzakezu, pisua partekatzeko pisukide bila dabilen jendea, etab.

Pisua bakarrik edo partekaturik?

Erabakia aldagaiak izan daitezkeen zenbait faktoreen baitan egon daiteke (ekonomikoak, logistikoak, pertsonalak, lan-faktoreak.). Pisua partekatzea erabakitzen baduzue, hementxe dituzue zenbait aholku eta gomendio giro onean egiteko.

Errentaria, alokatzailea, kontratua.

Pisua aurkitu dugu, unibertsitatetik gertu, jende gehiagorekin edo banaka. Baina egunerokotasuna antolatu baino lehenago, lagunekin egingo ditugun afari horietan pentsatzen hasi baino lehenago, egin beharrekoa den zerbait dago: kontratua egitea. Ez ikaratu! Oso formala eta serioa dirudi, baina nahi izanez gero, Bizilagun zerbitzura jo dezakegu. Eusko Jaurlaritzako zerbitzu honek eredu estandarrak diren alokairu kontratuak jartzen ditu gure eskura.

Gomendagarria da idatzizko kontratu bat gauzatzea, Hiri-errentamenduen Legeak onartzen dituen klausulak itunduz. Ahozko kontratua bada ere, Hiri-errentamenduen Legea ezartzen da.

Pisuaren alokairua aitortu behar badugu eta pisua alokatzen digun pertsonak eskudirutan ordaintzea eskatzen badigu, ez dago inongo arazorik hileko kuotaren ordainagiria ematen badigu.

Pisuaren gastua aitortu edo ez, lurralde historikoen Ogasun bakoitzean zerga-sistema ezberdina dute (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa).

Eta zeintzuk dira alokairuaren prezioari erantsitako  gastuak?

Ohikoa da, baita beharrezkoa ere zenbait autonomia-erkidegotan fidantza, bat jartzea; higiezinen agentziaren ordainsariak, zenbait kasutan; bankuak eskatzen duen abala; etab. Eta ohikoak diren gastuak: argindarra, ura, gasa.

Euskadin, alokairuaren kontratua aurkeztearekin batera, Bizilagun zerbitzuan hilabete bateko fidantza jartzea beharrezkoa da.

Edozein zalantza baduzue alokairuaren, kontratu moten, eta abarren inguruan, GazteBizHitzara bideratu zuen galderak!