Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Gero eta Euskadiko gazte gehiago mugitzen dira egunero era jasangarrian

Argitalpen-data: 

Mugikortasunaren Europako Astea Mugikortasunaren Europako Astea irailaren 16 eta 22 bitartean ospatzen da. 2021eko leloa hauxe da: “Zaindu osasuna, mugi zaitez modu jasangarrian”. Gazteen Euskal Behatokitik egunero modu jasangarrian mugitzen diren Euskadiko gazteei buruzko datu batzuk zabalduko ditugu. Modu jasangarrian mugitzeaz aritzen garenean zera esan nahi dugu, lantokira, ikasketa-zentrora edo abarrera oinez, bizikletaz edo garraio publiko kolektiboz garraiatzen direla.

2021ean, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 71,9k esan du oinez egiten dituela ohiko joan-etorriak, % 23,8k adierazi du bizikleta duela horretarako egunero edo ia egunero eta % 59,3 garraio publiko kolektiboz (autobusez, trenez, metroz, tranbiaz…) mugitzen da egunero edo ia egunero. Garraio mota horiek ez dira bateraezinak, pentsona batek egunero erabil ditzake horietako bat baino gehiago. Guztira, Euskadiko gazteen % 86,9k esan du egunero edo ia egunero modu jasangarriren batean joan-etortzen dela.

Kontuan hartzen baditugu egunero edo ia egunero modu jasangarriren bat erabiltzen duten guztiak (beren ohiko joan-etorriak oinez, bizikletaz zein garraio publikoz egiten dituztenak), ikusten dugu modu jasangarriagoan mugitzen direla emakume gazteak, gizon gazteak baino, eta 20 urtetik beherakoak, nagusiagoak baino; izan ere, adinean gora egin ahala murrizten da egunero modu jasangarrian mugitzen direnen kopurua, nahiz eta, hala ere, gehiengoa osatu.

Egunero era jasangarrian mugitzen diren Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteak, sexuaren eta adin-taldeen arabera (%)

Erabiltzen duten garraiobide zehatzetara jota, ikusten dugu emakumeek, gizonek baino gehiago erabiltzen dutela garraio publikoa eta oinez ere gehiago mugitzen direla, baina, bizikletaren erabilerari dagokionez, askoz gutxiago erabiltzen dute emakumeek gizon gazteek baino. Hau da, oro har, emakumeak modu jasangarriagoan mugitzen badira ere, bizikletaren kasuan ez da horrela.

Egunero edo ia egunero ondoko garraiobide bakoitza erabiltzen duten Euskadiko 15 eta  29 urte bitarteko gazteak, sexuaren eta adin-taldeen arabera

Egunero edo ia egunero bizikleta erabiltzen duten gazteen ehunekoa nabarmen igo da 2016tik 2021era eta % 8,1 izatetik % 23,8 izatera pasatu da. Egun guztietan edo ia guztietan garraio publiko kolektiboa erabiltzen dutenen ehunekoa ere asko igo da, % 39,8tik % 59,3ra 2016tik 2021era. Oro har, modu jasangarrian mugitzeko ohituraren joera goranzkoa da, argi eta garbi.

Egunero edo ia egunero bizikletaz edo garraio publiko kolektiboz mugitzen diren Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoen bilakaera (%)

Azaldutako datu guztiak Gazteen Euskal Behatokiak jaso ditu, 15 eta 29 urte bitarteko gazteei egin dizkien inkesten bidez.