Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

'Zientzia eta teknologiarekin trasteatzen' kurtsoko irakasleei elkarrizketa

Argitalpen-data: 

Kultura zientifiko-teknologikoa sustatzen

Deusto LearningLab - Ingeniaritza Fakultatea, Deustuko Unibertsitatea

Aitor Santamaria eta Oihane Zarate. Deusto LearningLab - Ingeniaritza Fakultatea, Deustuko Unibertsitatea.  

Zer gertatzen da mezu bat bidaltzen dugunean? Irudi digital baten inguruan hitz egitean, zergatik dauka kalitate handiagoa pixel gehiago dituen irudi batek? Nola igarri dezakegu zaporea? Berdina al da objektu baten masa eta pisua? Pilek korrontea gordetzen al dute? Hauek dira egiten ditugun galdera batzuk. Ordea, sarritan ez ditugu erantzunak ezagutzen, gure inguruan aurki ditzakegun zalantzak izan arren. 

Zientziaz eta teknologiaz inguraturik bizi gara, eta, teknologiaren esparruan askotan ez gara kontsumitzaileak soilik, horren sortzaileak baita ere. Une honetara helduta zientzia eta teknologia ezagutzea derrigorrezkoa dela ematen du, zelan funtzionatzen duen aztertu eta gaur egun gure egunerokotasunean duen eragina ikusi. 

“Zientzia eta tekonologiarekin trasteatzen” kurtsoaren bitartez hezkuntza ez-formaleko esparruan ahalmen eta konpetentzia zientifiko-teknologikoen garapena bultzatu nahi dugu. Irmoki uste dugu pertsona desberdinen artean ezagutza eta bizipenak partekatzen diren espazioetan bai ikasketa zein zientziaren eta tekonologiaren dibulgazioa bultzatu behar dela. 

Hiru saiok osatzen dute ikastaroa, zeinetan parte hartzen duten pertsonek gure inguruan aurki ditzakegun eta zientzia eta teknologiarekin erlazionatuta dauden hainbat puntu jorratuko dituzten. Haien artean pentsamendu konputazionala lantzeko ekintzak, ikerketa munduan murgiltzeko lehen pausuak edota esparru hauetan ikuspegi kritikoa sakontzeko jarduerak nabarmentzen ditugu. 

Pentsamendu konputazionalari dagokionez, landuko diren dinamika eta baliabideak problemen identifikazioa dakar, bai eta hauek konpontzeko baliabideen erabilera ere. Proposaturiko jardueren oinarria datuen antolakuntza logikoa eta hauen azterketa dira, baita konponbide posibleak identifikatu eta hauek era egokienean aurrera eramatea ere. Adibidez, konputazioan berezkoak diren gaitasunak erabiliko dira pertsonaia baten jarraibide zuzen eta zehatzak adosteko, honek helburu zehatz bat lortu dezan eta amaierara heldu dadin. 

Zientzia eta ikerketa arloan, proiektu oso bat aurrera eramateko datu zientifikoen, behaketaren eta proben gaineko garrantzia ulertuko dugu. Horrela, gure egunerokotasunean ditugun arazoen inguruan ikerketa, hausnarketa eta eztabaida bultzatuko ditugu. 

Azkenik, estrategia metodologiko desberdinak erabiliko dira, esperientzien bidezko ikasketatik eta gamifikaziotik abiatuz. Alde batetik, mahai jolasak eta informatika desentxufatuko dinamikak, zeinen bitartez ordenagailu edo kodifikazio sistema batek nola funtzionatzen duen ikasiko duten, betiere teknologiarik erabili barik. Beste alde batetik, formakuntza saio desberdinetan parte hartzaileek hainbat baliabide teknologiko ezagutu eta erabiliko dituzte, edozein gai sortaren inguruan hausnarketa eta gazteen arteko elkarrekintza sustatzeko aproposak izango direnak. 

Deusto LearningLab (http://learninglab.deusto.es/) ikerketa taldearen helburu nagusia STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) esparruko irakaskuntzan berritzea da, gazteen arteko bokazio edo zaletasun zientifiko-teknologikoak sustatuz. Ildo honetatik abiatuz, “Zientzia eta teknologiarekin trasteatzen” kurtsoa Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko taldetik lantzen ditugun proiektuetan sortzen den ezagutza pertsona profesionalekin partekatzeko elkarpuntu gisa proposatzen da.

Zientzia eta teknologiarekin trasteatzen kurtsoa