Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

Argitalpen-data: 

Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak 2022ko azaroan bildutako datu estatistikoak aurkezten ditu.

Kontuan hartuta Euskadin aurten kanpaina instituzionala gizonak interpelatzearen inguruan egin dela, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko emakume eta gizon gazteek indarkeria mota ezberdinei ematen dieten larritasuna alderatu nahi du.

Zehazki, honako indarkeria-mota hauen larritasuna baloratzeko eskatu zaie gazteei: fisikoki erasotzea, beren borondatearen aurka sexu-harremanak izatera behartzea, etxetik irtetea debekatzea, mehatxatzea, itxura kontrolatzea, gauzak erabakitzen ez uztea, sare sozialetan kontrolatzea, iraintzea eta mespretxuak egitea.

Bildutako datuen arabera (15 eta 29 urte bitarteko emakumeei eta gizonei dagozkienak), Euskadiko gazteen % 97,4k oso larritzat jotzen du fisikoki erasotzea; beste pertsonaren borondatearen aurka sexu-harremanak izatera behartzea oso larritzat jotzen du % 96,5ek; etxetik irtetea debekatzea oso indarkeria-mota larritzat jotzen du % 92,8k, eta mehatxatzea % 86,9k. Hortik aurrera, jarrera horiek oso larritzat jotzen dituztenen ehunekoak jaisten hasten dira (gehiengoa osatzen duten arren), eta nahiko larritzat jotzen dituztenen ehunekoek gora egiten dute.

15-29 urteko gazteek indarkeria mota desberdinei emandako larritasuna ( %)

Elkarrizketatutako pertsonaren sexuaren arabera portaera horiek oso larritzat jotzen dituztenen ehunekoei erreparatuz gero, ikusten dugu Euskadiko gazteen iritziz larrienak diren portaeretan emakumeen eta gizonen arteko aldeak ez direla oso sakonak. Horrela, fisikoki erasotzea oso larritzat jotzen dute emakumeen % 98,8k eta gizonen % 96,2k.

Hala ere, balorazioetan larritasun txikiagoa eman dieten indarkeria motei dagokienez, hala nola, itxura kontrolatzea, gauzak erabakitzen ez uztea, sare sozialetan kontrolatzea, iraintzea eta gutxiestea, emakumeen eta gizonen arteko aldea handiagoa da eta ehuneko hamar puntutik gora izatera heltzen da.

Indarkeria-mota hauek OSO LARRITZAT jotzen dituzten Euskadiko 15-29 urteko gazteen ehunekoa, sexuaren arabera

Datu hauek zera argitzen dute: oraindik ere sozializazio eta sentsibilitate desberdina dagoela emakumeen eta gizonen artean indarkeria zer den eta zer ez den zehazteko  orduan. Horregatik, Gazteen Euskal Behatokiak, 2019az geroztik bere formazio planaren barruan, berdintasunari eta maskulinitateari buruzko tailer pedagogikoak egiten ditu nerabe gizonekin lan egiteko behar diren tresna pedagogikoak lantzeko. Tailer horietan, hezkuntzaren eta esku-hartze sozialaren arloko 153 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute.

Aurten Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren kanpaina bateratua eta koordinatua izango da Euskadin. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; eta EUDELek erakunde guztien arteko kanpaina koordinatua sinatu dute aurten.

https://www.emakunde.euskadi.eus/sentsibilizazioa/-/azaroak-25-2022/

Azaroak 25eko kanpaina: Zer ez duzu ulertu nahi? Solik bai da baietz