Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Eusko Jaurlaritzak Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia aurkeztu du gaur

Argitalpen-data: 

  • Gazteen Legearen eta erronka demografikoaren estrategiaren aurreikuspenak garatzen ditu, martxoan eta ekainean onartuak, hurrenez hurren.
  • Hamar trakzio-proiektu eta 26 ekimen osagarri biltzen ditu, bost eremutan egituratuta: enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia.
  • Gaurtik aurrera, ekarpenak jasotzeko bi hilabeteko epea irekiko da, martxoa amaitu baino lehen behin betiko onartzeko.
  • Berrikuntzen artean, 25 eta 29 urte bitarteko gazteak emantzipatzeko laguntza aurreikusten du, aztertzen ari dena martxora arte.
  • Helburua da batez besteko emantzipazio-adina 28 urtera jaistea 2030ean, eta emantzipazio-tasa handitzea, 25-29 urtekoen artean, egungo % 39,5etik % 50era.
  • Hamargarren trakzio-proiektuak herri-ituna bultzatzea planteatzen du gazteekin eta gazteen alde, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin lankidetza estuan.

I. ANALISI-ESPARRUA     II. ESPARRU OPERATIBOA

Euskadin, emantzipatzeko batez besteko adina 30,2 urtekoa da, Europako batez bestekoa baino lau urte beranduago. Gazteentzat, atzerapen horrek nahasmendua dakar bizitzako eta familiako proiektuen garapenean. Ikuspegi komunitariotik, gizartea zahartzen laguntzen du, eta belaunaldien arteko desorekak eta desoreka demografikoak eragiten ditu.

Errealitate horri erantzuteko, gazteen emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategia aurkeztu da gaur Gobernu Kontseiluan, hasierako proposamen gisa. Martxoa amaitu baino lehen behin betiko onartzea aurreikusten da.

Estrategia lantzeko prozesuan, gazteei entzuteko eta parte-hartze dinamikak eta Gazteriaren Kontseiluarekin kontrastatzeko dinamikak erabili dira. Parte-hartzearen ildo beretik, gaurtik otsailaren 7ra arte, bi hilabeteko epea zabaldu da, Gazteriaren Kontseiluaren, gazte-elkarteen sarearen eta herritarren, zein legebiltzarreko taldeen eta erakundeen ekarpenak jasotzeko.

Estrategiaren edukia bi dokumentutan aurkezten da: I. Analisi-esparrua eta II. Esparru operatiboa. Lehenak gazteen emantzipazioaren gaiaren diagnostikorako oinarri gisa balio duten datuen eta erreferentzien multzoa eskaintzen du. Bigarrenak bost ardatzetan egituratzen den jarduketa-plana hartzen du: enplegua (eta enplegurako prestakuntza), etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia. Ardatz horietako bakoitzari bi trakzio-proiektu lotzen zaizkio. Horrez gain, beste ekimen batzuk ere aipatzen dira, konektatuak edo osagarriak; guztira, 26 jarduketa gehigarri.

Estrategiaren helburua gazteen emantzipazio-tasak handitzea da, 25 eta 29 urte bitartekoen artean, egungo % 39,5etik % 50era, eta 30 eta 34 urte bitartekoen artean, % 72tik % 75era. Emantzipatzeko batez besteko adinari dagokionez, 2025ean 29 urtera eta 2030ean 28 urtera murriztea da helburua.

Estrategia horren irizpide gidaria da jada ezarritako politikak jarduera berriekin batera trinkotzea eta optimizatzea, helburuen eta esku hartzeko ildoen esparru berean eta zentzu-batasun beraren barruan.

Estrategia horren onarpenaren testuinguruari dagokionez, bi erreferentzia nabarmendu behar dira. Lehenik eta behin, 2022ko martxoaren 10ean onartu zen Gazteen Legea. Hiru ardatzetako bat emantzipazio-adinaren aurrerapena sustatzea da. Bigarrenik, ekainaren 21ean, Gobernuak Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia onartu zuen. Estrategia horren lehen ardatza gazteen emantzipazioa da, eta 2022ko maiatzaren 18an egindako Erronka Demografikoari buruzko Osoko Bilkura Monografikoan onartutako 72 ebazpenak jaso zituen. Estrategia berri horrek Gazteriaren Legearen eta Erronka Demografikoaren Estrategiaren garapen espezifikoa erakusten du, emantzipazioaren esparruan.

Diagnostikoaren ikuspegitik, Estrategiak bi elementu nabarmen eskaintzen ditu: lehentasunez zer adin-taldetan jardun behar den definitzen du eta emantzipazioaren atzerapenarekin lotutako faktoreak identifikatzen ditu. Lehenengoari dagokionez, gehienak 30 urtetik aurrera emantzipatzen dira Euskadin, baina gehienek, galdetzen zaienean, emantzipatzeko adin egokiena 24-25 urte dela adierazten dute. Ikuspegi guztietatik, desiragarriena 25 urtetik gertuago egotea izango litzateke, 30 urtetik baino. Ondorioz, esku hartzeko tarte nagusia 25 eta 29 urte bitartekoa da, baita emantzipatzeko ahalmenetik gertu daudenen artean ere, baina oraindik urrats hori emateko tarte nahikorik ez dutenak.

Arrazoiei dagokienez, kulturalak eta materialak dira. Materialen artean, denboran zehar elkarri lotutako eta metatutako hiru faktore daude. Azken hamarkadetan, gazteen belaunaldiek, batez ere 25 eta 30 urte bitartekoek, honako hauek jasan dituzte: enpleguaren ziurgabetasuna eta haren kalitatea prekarietateari, behin-behinekotasunari eta/edo soldata baxuei dagokienez; etxebizitzaren garestitzea eta eskasia, batez ere alokairuan; eta (3) errenta eskuragarri urriak.

Diagnostiko horretan oinarrituta, Estrategiaren berritasunetako bat da emantzipazio-prozesu bat hasi duten edo hasten ari diren 25 eta 29 urte bitarteko gazteei laguntza ekonomikoa ematea. Une honetan, horien zenbatekoa, iraupena eta ezaugarriak xehetasun-azterketaren fasean daude. Ondorioak martxoan ezagutuko dira. Aurreikuspen horrekin batera, hauek dira jarduketa-planak biltzen dituen neurri nagusiak:

  • Enplegua (eta enplegurako prestakuntza). 2023-24an, gazteentzako 13.500 enplegu sustatuko dira, gutxienez, Gazte Enplegurako Talka Planaren sei programen bidez, eta horiei 14.000 gehiago gehituko zaizkie, enplegu-programa orokorrek gazteen enpleguan duten eraginagatik. Horrekin batera, gazteen enpleguaren aldeko akordio bat sustatuko da Elkarrizketa Sozialaren Mahaian.
  • Gazteentzako kupoa handitzea etxebizitzen sustapen publikoetan, eta, Gaztelagun programaren barruan, gazteentzako alokairurako laguntzak handitzea, 300 eurora arte. Emantzipazioa Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean sartzen da.
  • 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipaziorako aipatutako laguntzaz gain, 2023an ekintzailetza-, prestakuntza- edo etxebizitza-proiektuetarako mailegu-programaren oinarriak garatuko dira, Erronka Demografikoaren Estrategian aurreikusi bezala.
  • Gizarte-kohesioa. Trapezistak programa garatzea, familia-laguntzako sarerik ez duten gazteei laguntzeko (25 urtera arte), eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta 18 urtera arte eskuratzeko adina murriztea, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira.
  • GAZ (Gazteriaren-ibilbideak Abiarazteko Zerbitzua) sortzea: autonomia-ibilbideak eta emantzipazio-kultura berria sustatzeko aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzua.
  • Erresilientzia izeneko bosgarren ardatz horren barruan, hamargarren proiektu bultzatzailea da gazteriarekin eta gazteentzat itun bat bultzatzea (Basque Deal for Youth), Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin lankidetza estuan. Emantzipatzeko batez besteko adina aurreratzea lotuta dago gazteen aukerekin, euskal gizartea gaztetzearekin eta belaunaldi arteko eta barruko kohesioarekin. Herri-helburu bat da, eta lehen mailako lehentasuna. Adostasun zabalena komeni da.

Estrategia eta jarduera guztiak genero-ikuspegiak zeharkatzen dituzte. Zeharkako printzipioa pertsona guztiek beren emantzipazio-prozesuei aukera-berdintasunean aurre egin ahal izateko baldintzak bultzatzea da. Estrategiaren abiapuntua familia-egiturak, bizitza pertsonalaren edo profesionalaren ibilbideak eta bizi-autonomiaren proiektuak murgilduta dauden aldaketa-prozesu sakona aitortzea da. Testuinguru horretan, bere egiten du aukera-aniztasunarekiko errespetuaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa.

1. eranskina. Erreferentziako datu nagusien laburpena(*) (I. dok. Analisi-esparrua)

  • Datu orokorrak
    • 2021ean, Euskadik 15 eta 29 urte arteko 305.067 pertsona zituen. Horietatik 44.327 atzerritarrak ziren (% 15,53). Gazteen indizea 15,2koa zen 2010ean eta 13,9koa 2021ean (15,5 Espainian eta 16,5 EB-27n 2020an).
    • Baterako migrazio-saldoa positiboa da 15-29 urtekoetan 2010-2020 serie osoan. Askoz gehiago dira etortzen direnak joaten direnak baino. 2021ean, atzerriratze behartuaren itxaropena % 8koa da, 2013ko erdia (% 16).
    • Euskadiko gazteek gero eta prestakuntza hobea dute. 2020an, eskola uztea % 6,5 zen Euskadin (% 16 Espainian eta % 9,9 EB-27n). Goi-mailako prestakuntza Euskadin: % 59,6 (Espainian % 44,8, EB-27n % 41). 2020an, % 54,8 ziren atzerrira prestakuntza jasotzera joandakoak (% 28 2016an).
  • Emantzipazio-tasa eta batez besteko adina
    • 2020an, 18 eta 34 urte arteko emantzipazio-tasa % 35,1ekoa izan zen. Txikiena 2010-2020 aldian. Espainian, % 34,5 2020an, eta EB-27n, % 49,6 2019an. Serie osoan, alde nabarmenak daude gizonen (% 29,8) eta emakumeen (% 40,6) artean. Adin-tarteen arabera: 2020an, 10etik 4 emantzipatu ziren, 25 eta 29 urte bitartean, eta 10etik 7 emantzipatu ziren, 30 eta 34 urte bitartean.
    • Estatuan, emantzipazio-tasa 2012ko % 44,6tik 2020ko % 34,5era bitartekoa izan da. EB-27n, ordea, oso egonkor mantendu da seriean, % 50,1etik (2012) % 49,6ra (2019) bitartekoa. EBko tasa lortzea erreferentzia ona da helburuak finkatzerakoan.
    • EAEko gazteek 24,5 urterekin emantzipatu nahi dute (2020). Hala ere, 2019an, batez besteko adina 30,2 urtekoa izan zen, bai emakumeentzat, bai gizonentzat. Estatuan, 29,5; eta EB-27n, 26,2.
    • Pandemiak emantzipazio-tasa murriztu du: % 42,5 2019an eta % 39,5 2020an. Egiaztatzeke dago ondoz ondoko krisiek okupazio- eta emantzipazio-tasetan duten eragina. Nolanahi ere, emantzipatzeko batez besteko adinak hamarkada bat baino gehiago darama 30 urte inguruan.
  • Enplegua
    • 2020an, 29 urtera arteko gazteen okupazio-tasa % 37,3koa izan zen, 2014koaren antzekoa (% 37,7). Espainian % 33,9 izan zen, eta EB-27n % 46,1. 2020an, langabezia % 22ra iritsi zen (% 29,2 Espainian eta % 13,3 EB-27n). 2021ean, enplegu-tasa % 40ra igo zen, eta langabezia-tasa % 17,4ra jaitsi zen, biak 2010eko datura hurbilduz.
    • Behin-behinekotasun tasa (% 46,5 2010ean) % 62,6koa izan zen, 2020an, 29 urtera arteko gazteen artean. Espainian % 53 izan zen, eta EB-27n % 33,1. Partzialtasun-tasa 2012an % 12,2 izatetik 2020an % 32,5 izatera igaro zen. Espainian, 2020an, % 25,2 izan zen, eta EB-27n, berriz, % 22,2.
    • 2020an, batez besteko soldata garbia hilean 1.297 eurokoa izan zen (1.424 euro 2010ean). 2000 eta 2020 artean, hilean 600 euro baino gehiago zituztenek ez dute gainditzen 2008ko % 35,2a (2020an, % 29,1). 34 urte arteko pertsonen % 4 baino gutxiago dira DSBEren titularrak.
  • Etxebizitza
    • Etxebizitza librea alokairuan hartzearen kostua handitu egin da 2016tik. 2020an, 18 eta 34 urte bitarteko pertsona batek alokairua ordaintzeko erabili beharko lukeen hileko soldata garbiaren proportzioa % 54,7 zen.
    • Alokairuko emantzipazioa 2006ko % 19tik 2020ko % 43,4ra igo da. Hala ere, merkatuko errentaren eta alokairuko gehieneko errenta onargarriaren arteko aldea (hileko soldata garbiaren % 30) 320 eurora iritsi zen 2020an.
    • 2020an, 18 eta 34 urte arteko pertsona batek, merkatu librean etxebizitza bat erosteko, hipoteka baten lehen kuota ordaintzeko erabili behar zuen hileko soldata garbiaren ehunekoa % 58,7 zen, serieko handiena % 70,6 zen, 2011n.
  • Laburpena
    • Azken hamarkadetan, gazteen belaunaldiek, batez ere 25 eta 30 urte bitartekoek, honako hauek jasan dituzte: enpleguaren eta enpleguaren kalitatearen inguruko ziurgabetasuna; etxebizitzaren garestitzea eta eskasia, batez ere alokairuan; eta errenta eskuragarri urriak. Errealitate horrek gure historiako belaunaldirik prestatuenaren emantzipazioa atzeratzea eragiten du, eta desberdintasun-testuinguruak agerian uzten ditu, bai beste belaunaldi batzuekin alderatuta, bai gazteen artean.

(*) Iturria: Gazteen Euskal Behatokia.

2. eranskina. Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren Jarduketa Planaren egitura

  • ardatza. Enplegua (eta enplegurako prestakuntza)
    • trakzio-proiektua. Gazte Enplegurako Talka Plana (Berpiztu Programa): 13.500 lanpostu sortzea 2023-2024 aldian.
    • trakzio-proiektua. Gazteen enpleguaren aldeko akordioa bul­tza­tzea Elkarrizketa Sozialaren Mahaian.
    • Jarduketa konektatuak eta/edo osagarriak enplegu arloan.
  • ardatza. Etxebizitza
    • trakzio-proiektua. Emantzipazioa Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean sartzea, etxebizitza-sustapen publikoetan gazteentzako kupoa handitzea eta jarduera berritzaileak bultzatzea.
    • trakzio-proiektua. Gaztelagun programa: laguntzaren zenbatekoa handitzea, programa urtero eguneratzea eta sartzeko baldintzak hobetzea.
    • Jarduketa konektatuak eta/edo osagarriak etxebizitzaren arloan.
  • ardatza. Errenta
    • trakzio-proiektua. 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipaziorako laguntza ekonomikoen programa sortzeko azterlana.
    • trakzio-proiektua. Ekintzailetza-, prestakuntza- edo etxebizitza-proiektuetarako mailegu-programa garatzea.
    • Jarduketa konektatuak eta/edo osagarriak errenta arloan.
  • ardatza. Kohesioa
    • trakzio-proiektua. Trapezistak programa garatzea, 25 urtera arteko gazteei laguntzeko, familia-laguntzako sarerik gabe.
    • trakzio-proiektua. Zaurgarritasun-egoeran dauden gazteei (18 urtetik gorakoei) laguntzeko neurriak garatzea.
    • Jarduketa konektatuak eta/edo osagarriak kohesio arloan.
  • ardatza. Erresilientzia
    • trakzio-proiektua. GAZ sortzea: aholkularitza eta laguntza pertsonalizatuko zerbitzua, autonomia-ibilbideak eta emantzipazio-kultura berria bultzatzeko, bai eta Ameslariak Programa garatzeko ere.
    • trakzio-proiektua. Basque Deal for Youth proiektu bultzatzailea (Herrialde-ituna gazteekin eta gazteen alde).
    • Jarduketa konektatuak eta/edo osagarriak erresilientzia arloan.

Zeharkako jarduerak: aurrekontua, jarraipena eta ebaluazioa.

Eranskina. Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren adierazleen taula.