Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Argitalpen-data: 2016/10/20

Euskadiko gazteak eta sare sozialak

SARE SOZIALEN ERABILERA:

ZIBERAKTIBISMOA:

ZIBERJAZARPENA:

LABURBILDUZ

Euskadiko gazteak eta sare sozialak. Aurkezpena (pdf, 856 kb)


Euskadiko gazteak eta sare sozialak

Sare sozialak oso ohikoak dira Euskadiko gazteen eguneroko bizitzan. Harremanetarako eta komunikaziorako beste modu bat dira; abantaila asko dituzte, baina baita arriskuak ere. Azterketa honetan, ahalegin bat egingo dugu jakiteko 15 urtetik 29ra bitarteko Euskadiko gazteek zenbat erabiltzen dituzten sare sozialak, zer duten gogokoen (adinaren eta sexuaren arabera), zenbatek baliatu dituzten sare sozial horiek hainbat gai salatzeko edo horien gainean eztabaidatzeko, eta, baita ere, jakiteko zenbatek nozitu duten gaitzespena edo jazarpena.

[igo]

SARE SOZIALEN ERABILERA

Sare sozialen bizitasuna kontuan hartuta, Gazteen Euskal Behatokian sare sozialen erabilera hau identifikatzen dugu: astean behin, gutxienez, sare sozial batera konektatzea. Ez dugu, beraz, erabiltzailetzat joko, maiztasun txikiagoarekin konektatzen dena.

Ia gazte guztiek erabiltzen dute sare sozialen bat

Definizio horren arabera, 15-29 urte bitarteko Euskadiko gazteen % 99k sare sozialen bat erabiltzen du. Euskadin, 4 sare sozial erabiltzen ditu, batez beste, gazte bakoitzak (zehazki, 3,8).

Datu horiek lortzeko, sare sozialen zerrenda bat aurkeztu zaie gazteei (besteak beste, zenbait aplikazio mugikor), eta galdetu zaie horiek guztiak nolako maiztasunarekin erabiltzen dituzten. Proposatutako sare sozialak hauek izan dira:

Horretaz gain, aukera eman zaie gazteei modu irekian eta espontaneoki aipa ditzaten erabiltzen dituzten beste sare sozial batzuk.

Gazteek gehien erabiltzen dituzten sare sozialak zeintzuk diren zehazteko, sare horien erabilerarik aktiboenean jarriko dugu arreta, eta kontuan hartuko ditugu bakarrik sare horiek egunero edo ia egunero erabiltzen dituztela diotenak. Eguneroko erabiltzaileak % 97,5 direla ikus dezakegu (pixka bat bakarrik jaisten da erabiltzaile guztien ehunekotik), eta erabiltzaile horiek, batez beste, 3 saretara konektatzen dira egunero (2,9).

[igo]

Euskadiko gazteak gehien konektatzen diren sare sozialak WhatsApp, Facebook, Instagram eta Youtube dira

Bigarren bloke batean, Twitter, Snapchat eta Spotify daude.

Eta gutxiengo batek honako hauek ere erabiltzen ditu: Ask.fm, Telegram, LinkedIn, Pinterest, Wattpad edo beste sare sozial batzuk (Line, Tumbrl, MySpace, Bebo eta Badoo aipatu dira, besteak beste).

Nolanahi ere, hauek dira gazteria osoari dagozkion portzentajeak baina azpimarratu behar dugu alde handiak daudela sare sozialen erabileran sexuaren eta adinaren arabera.

[igo]

Harremanak izateko eta irudiak partekatzeko sare sozialetan, nesken presentzia mutilena baino handiagoa da

Sare sozial horien eguneroko erabilerari dagokionez, neskek mutilek baino gehiago erabiltzen dituzte egunero Facebook, Instagram eta Snapchat; mutilek, aldiz, neskek baino gehiago erabiltzen dute egunero Youtube.

Spotify, Pinterest eta Wattpad-en eguneroko konexioari dagokionez, nesken ehunekoa, berriz ere, mutilena baino pixka bat handiagoa da; aitzitik, Twitter eta Telegramen eguneroko konexioa handiagoa da mutilengan neskengan baino.

[igo]

WhatsApp-aren atzetik, Instagram-a da 20 urtez azpiko gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala. Adin horretatik gora, Facebook-a erabiltzen da gehien

Adinari erreparatzen badiogu, kolektiborik gazteena da (15-19 urte) honako sare sozial hauek gehien kontsumitzen dituena: Instagram (20 urtez azpikoak egunero gehien konektatzen diren sare soziala da, WhatsApp-aren atzetik), Youtube, Snapchat, Twitter, Spotify, Ask.fm eta Wattpad.

Aitzitik, 25-29 urte bitartekoak dira Linkedln gehien erabiltzen dutenak, eta 20-24 urte bitartekoekin batera Facebook-era gehien konektatzen direnak. Hain zuzen ere, Facebook da (WhatsApp-aren atzetik) 20 urtekoek eta hortik gorakoek egunero gehien erabiltzen duten sare soziala.

Erabilera gehienetik gutxienera doan zerrenda ezarriko bagenu, alde nabarmenak ikusiko genituzke adinaren arabera. 20 urtez azpikoen artean WhatsApp-aren atzetik gehien erabiltzen den sare soziala Instagram da eta horren atzetik Youtube eta Snapchat. Facebook bostgarren postuan legoke, adin talde honetan (15-19) heren batek baino gehixeagok erabiltzen baitu sare hau.

20 eta 24 urte bitartekoen artean Facebook dugu WhatsApp-en atzetik (Facebook-en erabiltzeen kopuruak bikoizten du 20 urtetik beherakoen artean izandakoa) eta atzetik geratzen dira Instagram (honen eguneroko erabilera hogei puntu jaisten da aurreko adin-taldetik honetara), Youtube eta Twitter. Snapchat zazpigarren tokian geratzen da, Spotify-ren atzetik, erabiltzaileen portzentajea hogeita hamar puntu jaitsi eta gero.

Azkenik, 25 eta 29 urte bitartekoek gehien erabiltzen duten sare soziala Facebook da, WhatsApp-en atzetik, noski; WhastApp-ek nagusitasuna baitu adin talde guztietan. Facebook-en atzetik, alde esanguratsua izanik, Youtube eta Instagram ditugu, baina Instagram-en erabiltzaileen kopuruak beste hogei puntuko jaitsiera du. Horien atzetik Twitter eta Spotify aurki ditzakegu. 25 eta 29 urte bitartekoek oso gutxi erabiltzen dute Snapchat eta horregatik beherago geratzen da adin talde honetako zerrendan, LinkedIn atzetik, hain zuzen ere; 25 urtetik gora LinkedIn erabiltzen hasten baitira gazteak.

Sexua eta adina gurutzatuz gero ikus dezakegu zein taldek erabiltzen duen gehien sare sozial bakoitza eta horrela bakoitzaren erabiltzaileen profila marraztu.

15 eta 19 urte bitarteko neskak dira sare sozialen “kontsumitzaile” nagusiak, proposatutako hamabi sare sozialetik zazpitan dituzte konekzio portzentajerik altuenak: WhatsApp, Instagram, Snapchat, Twitter, Spotify, Ask.fm eta Wattpad (eguneroko konekzio portzentajerik altuenetatik baxuenetara).

Aipatzekoa da Twitter-en kasua; oro har, mutilek gehiago erabiltzen badute ere, analisia hau egin ondoren ikus dezakegu konekzio portzentajerik altuenak 15 eta 19 urte bitarteko neskeen artean azaltzen direla.

Bestalde, Facebook-en erabiltzaileen profila 20 eta 24 urte bitarteko emakume batena da. Youtube-rena 15 eta 19 urte bitarteko mutil batena eta LinkedIn-ena 25-29 urteko gizon batena.

[igo]

Gazteak hiru sare sozialetara konektatzen dira, batez beste, egunean. Konbinaziorik gogokoena hau da: WhatsApp, Facebook eta Youtube

Oro har, gazteenek (15-19 urte) apur bat gehixeago erabiltzen dituzte sare sozialak: batez beste, 3,4 saretara konektatzen dira, egunean. 20 eta 24 urte bitartekoak, batez beste, 3 sare sozialetara konektatzen dira egunean, eta kopuru hori 2,5era jaisten da 25 eta 29 urte bitartekoen artean.

Sare sozialen eguneroko erabileran gehien errepikatzen den konbinazioa hau da: WhatsApp, Facebook eta Youtube (hiruko konbinazioak egiten ditugu, kontuan izanik gazteak, euren esanetan, hiru saretara konektatzen direla, batez beste, egunero). Gazteen % 23,5 hiru sareetara konektatzen da egunero.

Hauxe da hurrengo konbinaziorik ohikoena: WhatsApp, Facebook eta Instagram. Gazteen % 8 hiruretara konektatzen da egunero. Eta gehien errepikatzen diren konbinazioetatik hirugarrena hau da: WhatsApp, Facebook eta Twitter (gazteen % 7,1).

Hori guztia gazteria osoari dagokionez. Aintzat hartzen baditugu 20 urtetik beherakoak bakarrik, egunero gehien errepikatzen den konbinazioa hauxe da: WhatsApp, Instagram eta Snapchat.

[igo]

ZIBERAKTIBISMOA

Iazko urtean, gazteen heren batek baino gehiagok baliatu zituen sare sozialak eztabaidak edo salaketak sustatzeko edo zabaltzeko

Iazko urtean zehar, Euskadiko gazteen heren batek baino gehiagok (% 37,1) baliatu zituen sare sozialak eztabaidaren bat sustatzeko, egoeraren bat salatzeko, gai baten alde agertzeko edo horri buruzko iritzia emateko.

Askoz gutxiago dira (% 8,6) testu bat idatziz eta/edo irudi edo bideo bat zabalduz eztabaida edo salaketaren bat sustatu dutela diotenak, testu edo irudi hori babestu dutenak, birbidali dutenak edo horri buruzko iritzia eman dutenak baino (% 28,5).

[igo]

Ziberaktibismoa gero eta handiagoa da adinak, ikasketa-mailak, politikarekiko interesak eta arazo publikoetan parte hartzeko gogoak gora egin ahala

Adinean gora egin ahala, ziberaktibismoa ere handitu egiten da, zeina honela ulertu behar baita: sare sozialak erabiltzea eztabaida edo salaketak sustatzeko eta zerbait babesteko, birbidaltzeko edo horri buruzko iritzia emateko. Iaz, honelakoa izan zen ziberpartaidetza: 15-19 urte bitartekoen artean, % 33,2koa; 20-24 urte bitartekoen artean, % 37,3koa, eta 25-29 urte bitartekoen artean, % 40koa.

Adinarekin batera, hau ikusten da: goi-mailako ikasketadun gazteek ikasketa-maila hori ez dutenek baino eztabaida edo salaketa gehiago sustatu, bultzatu edo babestu zituzten Interneten. Eta goi-mailako ikasketadunen artean, unibertsitate-tituludunek izan zuten iaz ziberpartaidetzarik handiena (% 49,3).

Alderdi horri dagokionez, ez dago alderik mutila izan ala neska izan; aldiz, politikarekiko interesa erabakigarria da kasu horretan. Politikarekiko interes handia edo nahikoa dutela diotenen artean, gehienek diote (% 57,2) sare sozialetan eztabaidak sustatu edo bultzatu dituztela edo beren iritzia azaladu dutela; aldiz, politikarekiko interes txikia dutela edo interesik ez dutela diotenen artean, ziberaktibismoaren ehunekoa askoz txikiagoa da (% 12,0).

Gai publikoetan modu aktiboagoan parte hartzea gustatuko litzaiekeela dioten gazteen erdiek baino gehiagok (% 53,0) baieztatzen dute iazko urtean sare sozialen bidez eztabaida edo salaketaren bat sustatu, bultzatu edo babestu zutela. Gai publikoetan nahikoa parte hartzen dutela diotenen artean % 42,7 dira ziberaktibistak, eta gai publikoetan parte hartu nahi ez dutenak, berriz, % 21,7 azaldu dute ziberpartaidetza.

[igo] 

ZIBERJAZARPENA

Sare sozialak erabiltzeak berekin dakar gaitzespen- edo jazarpen-jokaera batzuk jasan ahal izatea; besteak beste, WhatsApp-taldeetatik botatzea, sare sozialen batean nortasuna faltsutzea edo irudi konprometituak edo iraingarriak zabaltzea.

[igo]

Sare sozialetako jazarpen-modurik ohikoena WhatsApp taldeetatik botatzea da

Bost gaztetatik batek (% 19,6) baieztatzen du WhatsApp talderen batetik bota dutela. % 3,8k dio askotan gertatu zaiola hori, eta gainerako % 15,8ak dio noizbait bakarrik gertatu zaiola.

Arreta jartzen badugu inoiz edo askotan WhatsApp talderen batetik bota dituztela diotenengan, egoera hori mutilengan neskengan baino ohikoagoa dela ikusiko dugu (% 22,8 eta % 16,3, hurrenez hurren), eta, horretaz gain, maizago gertatzen dela hori kolektiborik gazteenetan; izan ere, adinean gora egin ahala gutxiago gertatzen da halakorik: 15 eta 19 urte bitartekoen % 30,5ek dio inoiz WhatsApp talderen batetik bota dutela; 20 eta 24 urte bitartekoen artean, % 17,5era jaisten da kopuru hori, eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean, berriz, % 12,6ra.

Gazteen % 8,4k dio nortasuna faltsutu diotela inoiz sare sozialen batean: % 0,6ri askotan gertatu zaio hori, eta gainerako % 7,8ari, aldiz, kasuren batean bakarrik.

Eta gazteen % 6,6k dio beste pertsona batzuk bideo edo argazki konprometitu edo iraingarriren bat igo dutela Internetera edo horiek sare sozialetan barrena zabaldu dituztela, beraien baimenik gabe. Berriro ere, % 0,6k dio askotan gertatu zaiola hori, eta gainerako %  6,0ak dio noizbait bakarrik gertatu zaiola.

Nortasuna faltsutzeari eta irudi konprometituak zabaltzeari dagokionez, ez dago alde nabarmenik sexua eta adina kontuan hartuta.

Egoera horiek zenbatean behin nozitzen diren jakitea egoera bakoitzaren larritasuna neurtzeko irizpide bat da. Horregatik, bi kategoria ezartzen dira:

• Lehenik, “ziberjazarpena"; kategoria honetan sartzen dira hiru egoera horietako bat (edo gehiago) behin eta berriz nozitu dutenak.

• Bigarrenik, “zibergaitzespena”; kategoria honetan sartzen dira inoiz egoera horietakoren bat bizi izan dutenak.

[igo]

Euskadiko gazteen % 4,5ek jazarpen-egoeraren bat bizi izan du sare sozialetan

Definizio horiek kontuan hartuta, hau adieraz dezakegu: Euskadiko gazteen % 4,5ek ziberjazarpen-egoeraren bat nozitu du, eta % 23,7k, berriz, zibergaitzespen-egoeraren bat.  Guztira, gazteen % 28,2k pertsonalki bizi izan du sare sozialetan gaitzespen- edo jazarpen-egoeraren bat. 

Mutilek neskek baino ziberjazarpen-egoera gehiago nozitu dituzte (% 5,7 eta % 3,2 hurrenez hurren). Ziberjazarpen-egoerak ohikoagoak dira adinez gazteago direnen taldean: % 6,1ek nozitu du sare sozialetan jazarpen motaren bat. Egoera horiek gutxiago gertatzen dira adinean gora egin ahala: 20 eta 24 urte bitartekoen artean, % 4,9k bizi izan du halakorik, eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean, berriz, % 2,8k.

Ziberjazarpen gehien nozitzen duten kolektiboak dira (15 eta 19 urte bitarteko gazteak, mutilak), aldi berean, zibergaitzespen gehien nozitzen dutenak; alegia, talde horiek dira horrelako egoerak bizitzeko arriskurik gehien dutenak, sare sozialak erabiltzerakoan.

Gainera, deskribatutako bizipen horiek ondorioak izan ditzakete osasun eta ongizate psikologikoan. Ziberjazarpen- edo zibergaitzespen-motaren bat bizi izan duten gazteen laurden batek baino gehiagok (% 28,4) adierazi du iazko urtean arazo psikologikoren bat izan zuela (antsietatea, estresa edo depresioa). Ehuneko horrek ia hamar puntuz gainditzen du iaz arazo psikologikoren bat izan zuten gazteen batezbestekoa (% 19,2).

[igo]

LABURBILDUZ:

Ia Euskadiko gazte guztiek erabiltzen dute sare sozialen bat egunero. Ohikoena egunean hiru sare sozialetara konektatzea da.

WhatsApp da gehien erabiltzen den sare soziala eta horretan ia ez dago alderik sexuaren edo adinaren arabera.

20 urtez azpiko gazteen artean Instagram da bigarren sarea, eguneroko erabilerari dagokionez; adin horretatik gora bigarren toki hori Facebook-arentzat da.

Snapchat gazteenen sare soziala da; 20 urtetik beherakoen ia erdiek egunero erabiltzen dute; 25 urtetik gorakoak, aldiz, ia ez dira horretara konektatzen.

Oro har, 15 eta 19 urte bitartekoak dira sare sozialak gehien erabiltzen dituztenak eta horien artean neskek mutilek baino gehiago.

Euskadiko gazteen % 4,5ek jazarpen-egoeraren bat bizi izan du sare sozialetan. Ziberjazarpen modurik ohikoena WhatsApp taldeetatik hainbat aldiz botatzea da. 15 eta 19 urte bitarteko gazteak dira ziberjazarpena gehien nozitzen dutenak.

Gazteen heren batek baino gehixeagok sare sozialak erabili zituen iaz eztabaida edo salaketaren bat sustatzeko, bultzatzeko, babesteko edo horri buruz bere iritzia emateko. Ziberpartaidetza hori handituz doa adinak eta politikarekiko interesak gora egin ahala.

Datu horien iturria Gazteen Euskal Behatokiak 2016an egindako inkesta bat da

Aurkeztutako datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak 2016ko lehen hiruhilekoan egindako inkesta baten emaitzak dira. Bertan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarri bat elkarrizketatu zen (1500 gaztek osatu zuten lagin hori). Inkestan, hainbat gairen artean, sare sozialei buruz galdetu zitzaien. Emaitza guztiak datorren urtean argitaratuko dira “Euskadiko gazteak 2016” ikerketan. Hemen aurkeztutakoak aurrerapen datu batzuk baino ez dira.

[igo]

Jarrai gaitzazue gizarte- sareetan!