MADINABEITIA, Itsaso. 2020. COVID-19a eta itxialdia opari bihurtzeko aukera. Hik hasi, 248, or. 22-25. ISSN 1135-4690
Adimen emozionala, bizitzarako hain garrantzitsua eta, askotan, ahaztuta dugun ikasgaia. Garapen pertsonala ahalbidetzen duena eta une zailetan bereziki horren falta sumatu duguna, orain koronabirusagatik etxean itxialdian gauden honetan bezala. Ez al litzateke ederra izango gure gaur egungo haur eta gazteak bizitzan aurrera ateratzeko, zoriontsu izateko eta bizitzako aldaketei egokitzeko tresnez baliatzea? Utopikoa eta zaila dela pentsatuko dute batzuek, Madinabeitiak ez du uste. Gure beldurrak eta aurreiritziak alde batera utzita eta benetan garrantzitsua zer den argi badugu, bide honetan murgildu ahal izango gara, hezitzaile, bidelagun edo guraso moduan.
GIMÉNEZ ÁLVAREZ, Mercedes G. y TRUJILLO VEGA, María Auxiliadora. 2019. Infancia, adolescencia y juventud extranjeras que migran de forma autónoma. Entre la agencia, las movilidades y las fronteras . Arxiu d'etnografia de Catalunya: revista d'antropologia social, 20, p. 183-204. ISSN 0212-0372, ISSN-e 2014-3885
Artikulu honek ikuspegi performatibo batetik egiten du 18 urtetik beherako haur, nerabe eta gazte atzerritarren presentziari buruzko gogoeta, bai eta azken 20 urteetan presentzia horrek eragin dituen interakzioei buruzkoa ere; juridikoki, bakarrik dauden adingabe atzerritartzat hartzen dira pertsona horiek, Espainiako estatuko babes-sistemen barruan eta kanpoan daudenak. Testuaren helburua da nazioz gaindiko testuinguruan kokaturiko haur eta nerabeen mugikortasun horien esanahiei buruzko hausnarketa teorikoa egitea, agentziaren kontzeptutik. Lehenengo zatian, ikuspegi agentibo baten inplikazioak deskribatuko ditugu, migrazio autonomoaren gaian interes berezia jarriz eta beste narratiba batzuk sortzearen eta nazionalismo epistemologiko eta metodologikoan ainguratutako izendapenak kentzearen garrantziari eutsiz, hala nola "bakarrik dauden adingabe atzerritarren" kategoria juridikoaren erabilera intentsiboa. Bigarren zatian, azken 20 urteotan adingabe horiek gure gizarte eta lurraldeetan izan duten presentziaren performatibismoak deskribatuko ditugu, bai eta haien subjektibitateek birformulatu eta eraiki dituzten elkarreragin eta bilbeak ere. Hiru alderdi aztertuko ditugu: lehenik, Marokoko adingabeen presentziaren ekarpena Haurren Babeserako Sistemak kultura-aniztasunaren eta haren kudeaketaren inguruan hausnartzen has daitezen; bigarrenik, nola egituratu den atzerriko neska-mutilen eskubideen defentsarako mugimendua, haur eta nerabeentzat, oro har, onura juridiko garrantzitsuak lortu dituena; azkenik, esku hartze sozialaren modu berriak aztertuko ditugu (nazioz haraindiko gizarte-bitartekaritza, adibidez) haur, nerabe eta gazte horien mugikortasunari laguntzeko eta babes-sistemen lurraldetasuna birpentsatzeko abian jartzen ari direnak , dagoena gutxiegitzat jotzen baita.
FELGUERAS CUSTODIO, Nerea, MORENO-RODRIGUEZ, Ricardo y LÓPEZ-BASTÍAS, José-Luis. 2020. Investigación en formación universitaria y habilidades socioemocionales dirigida a estudiantes con discapacidad intelectual . Revista de estudios e investigación en psicología y educación, vol. 7, p. 48-58. ISSN-e 2386-7418
Desgaitasun intelektuala duten pertsonen kolektiboak oztopo handiak izaten ditu unibertsitate-prestakuntza jasotzeko eta enplegua lortzeko eta mantentzeko. Behar horri erantzuteko, Rey Juan Carlos Unibertsitateak unibertsitate-prestakuntza ezarri zuen % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila eta adimen-desgaitasunaren diagnostikoa duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat. Azterlan honen helburua da profil honen berezko interakzio sozialeko eta erregulazio emozionaleko premiei erantzutea, prestakuntza espezifikoko bi modulu txertatuz: gizarte eta komunikazio trebetasunetan eta kudeaketa emozionalean. Moduluetan aktiboki parte hartzeak trebetasun horiek hobetzea aurreikusten du, eta, ondorioz, autonomia pertsonala garatzea eta laneratzeko aukerak handitzea. Prestakuntza horren eragina egiaztatzeko, trebetasun eskuratze hori ebaluatu zen, errubrika baten bidez bi denbora-une desberdinetan: prestakuntzaren aurretik eta ondoren. Trebetasun sozial eta emozionalen errendimenduak puntuazio hobeak ditu modulu horiek gainditu ondoren. Ebaluazioan lortutako aldeko emaitzei erreparatuta, ikusten da planteatutako prestakuntza eraginkorra dela. Hala ere, trebetasun horien ikaskuntza denboran mantentzen eta beste testuinguru batzuetan orokortzen laguntzeko, beharrezkoa da prestakuntza hori zabaltzea, kolektibo horri bere garapen pertsonala, emozionala eta soziala sustatzeko behar dituen tresnak eskainiz, eta horrela haien laneratze eta gizarteratze prozesua bultzatzea.
- Beste laburpen batzuk irakurri nahi badituzu klikatu artikulu nabarmen atalean
- Dokumentazio Zentroko webgunera esteka
- Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarea (EIPSren) liburutegien katalogoaren esteka
- Argibide gehiago nahi izanez gero, jo ezazue ondoko helbide elektronikora: geb-liburutegia@euskadi.eus
OHARRA: Dokumentazio zentroko material oro kontsultagai dago, eta maileguan har daiteke