'Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2020'

Argitalpen-data: 

Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2020Txosten honetan, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteek 2020an duten egoerari buruzko diagnostikoa egiten du. Txostena egiteko, erreferentzia gisa hartu dira Behatokiak berak bere webguneko Gazteriaren inguruko adierazle-sisteman eguneratuak dituen datuak.

Dokumentu honen helburu nagusia Euskadin bizi diren 15-29 urtekoen kolektiboari buruzko jakintzan sakontzea da, eremu hauei dagokienez: testuinguru demografikoa, hezkuntza eta prestakuntza, enplegua, emantzipazioa eta etxebizitza, osasuna, gizarte-ekintza eta berdintasuna, aisia, kultura eta kirola, parte-hartzea, balioak eta jarrerak.

Diagnostiko honetan, zenbait iturritan jasotako informazioa erabili da, hala nola Gazteen Euskal Behatokiak berak egindako ikerketak (Euskadiko gazteak seriea, Emantzipazioa seriea edo Aurrera Begira eta abar). Funtsezko beste iturri estatistiko bat Gazteen Euskal Behatokiak bi urtean behin egiten duen Gazteen Panoramika izeneko ikerlana izan da. Lan horretan, 116 adierazle aztertzen dira gaur egun, eta neurri handian erabili dira diagnostiko hau egiteko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren beste esparru batzuetako ikerketak ere erabili dira: EUSTAT; Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetea, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Osasun Saila, Hezkuntza Saila eta abar.

Zenbait adierazletarako, aukera egon denean eta egokitzat jo denean, beste eremu geografiko batzuetako datuak erabili dira (Espainia eta 28en EB) aldagaiei buruzko alderaketak egiteko. Alde horretatik, Estatistika Institutu Nazionala (INE) eta Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoa (EUROSTAT) izan dira iturri nagusiak.

Kasu guztietan, eskuragarri dauden datu berrienak hartu dira, estatistika batzuk eta besteak maiztasun desberdinez egiten baitira.

Diagnostiko honetan jasotako informazioa zabaldu egin daiteke Gazteen Euskal Behatokiaren webgunera joz. Webgune horretan, online adierazle-sistema bat dago, bai eta Gazteen Euskal Behatokiak egindako ikerketa guztien serie osoak ere, Gazte Planari buruzko informazio osoa, besteak beste.