Urriak 17, Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguna
2020an, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 6,0 pobrezia egoeran zegoen.
Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen pobrezia errealaren tasak gora egin zuen nabarmen 2012 eta 2018 urteen artean, aurreko urteekin konparatuta, baina 2020an jaitsi egin zen; hala ere, ez zen 2009an hasitako krisi ekonomikoaren aurreko urteetako zifretara jaitsi.
Oro har, gazteen pobrezia tasak Euskadiko biztanleria osoarenak duen joera bera du, baina gazteei dagozkien zifrak batez besteko orokorraren gainetik daude urte gehienetan.
Pobrezia errealaren tasa handiagoa da emakume gazteen artean (% 6,8), gizon gazteen artean baino (% 5,4), 2020an.
Adinaren arabera ere alde esanguratsuak daude; tasa hori altuagoa da 16 eta 19 urte bitartekoen artean, 20 eta 29 urtekoen artean baino; baina 30 eta 39 urte bitartekoen tasarekin konparatuz gero, azken hauena altuagoa da.
Bestetik, 2020an Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jaso duten gazteen ehunekoari erreparatzen badiogu, ikusten dugu ehuneko horrek gora egiten duela adinean gora egin ahala: % 0,8 da 18 eta 24 urte bitartekoen artean, % 3,5era igotzen da 25 eta 29 urte bitartekoen artean eta are gehiago, % 5,0ra, hain zuzen ere, 30 eta 34 urte bitartekoen artean.
Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeak saihestu egiten du gazte batzuk (eta ez gazteak) pobrezia-egoeran egotea, edo, gutxienez, neurri batean arintzen ditu pobrezia-egoeran dauden pertsonek dituzten zailtasunak.
Pobrezia egoeran dauden gazteei dagozkien datuen bilakaera, bai eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenena ere, Gazteen Euskal Behatokiaren web orrian dauden online estatistiketan kontsulta daitezke, “Lana eta egoera ekonomikoa” atalean, hain zuzen ere.