Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 51,2k egunero edo ia egunero erabiltzen du garraio publiko kolektiboa bere ohiko joan-etorrietan

Argitalpen-data: 

Mugikortasunaren Europako Astea irailaren 16tik 22ra ospatzen da 2024an. Aste hau garraiobide iraunkorragoak erabiltzeak (hala nola garraio publikoa, bizikleta eta oinezko joan-etorriak) osasun publikoarentzat eta ingurumenarentzat dakartzan onurei buruz sentsibilizatzeko kanpaina bat da.

Gazteen Euskal Behatokiak 2023an jasotako datu batzuen arabera, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen erdiak baino gehixeagok (% 51,2) egunero edo ia egunero erabiltzen du garraio publiko kolektiboa bere ohiko joan-etorrietan (lanera, ikastera eta abarrera).

Garraio publiko kolektiboaren eguneroko erabilera nabarmen igo da azken urteetan eta 2021etik hona % 50en gainetik dago. Igoera horretan eragina izan dute, agian, bai norberaren ibilgailua erabiltzeko murrizketek (aparkaleku arautuak dituzten eremuak zabaltzea, abiadura-mugak ezartzea…), bai garraio publiko kolektiboa erabiltzeko laguntza ekonomikoek eta deskontuek.

Emakume gazteek gizon gazteek baino neurri handiagoan erabiltzen dute garraio publiko kolektiboa. Eta Bizkaiko gazteak dira gehien erabiltzen dutenak, alde batetik lurralde honetako udalerri jendetsuenak lotzen dituen metroaren hedaduragatik, eta, bestetik, beste garraiobide jasangarri batzuk, hala nola oinez joatea edo bizikleta edo patinete elektrikoa erabiltzea, eragozten edo zailtzen dituen sakabanatze geografikoagatik.

Garraio publiko kolektiboaren erabilera areagotzea Nazio Batuen Erakundearen Garapen Iraunkorreko Helburuen 2030 Agendaren 11. helburuaren barruan sartzen da. Hiri eta komunitate iraunkorrak da helburu horren izena.

Helburu orokor horren barruan, 11.2. xedea honako hau da: "Hemendik 2030era, garraio-sistema seguruak, eskuragarriak, irisgarriak eta jasangarriak eskaintzea guztiontzat, eta bide-segurtasuna hobetzea, bereziki garraio publikoa zabalduz, arreta berezia eskainiz kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen, emakumeen, haurren, desgaitasunen bat dutenen eta adineko pertsonen premiei".