Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen okupazio-tasa % 44,5era igo da 2023ko laugarren hiruhilekoan

Argitalpen-data: 

2023ko laugarren hiruhilekoan, Euskadiko 16-29 urteko gazteen okupazio-tasa azken urteetako altuena da: % 44,5. Okupazio-tasak zera adierazten du: enplegua duten pertsonen ehunekoa adin-talde bereko pertsona guztiekiko.

30 urtetik beherako gazteen okupazio-tasak 2019tik orain arte izan duen bilakaera aztertuz gero, ikusiko dugu nola 2020ko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, Covid19aren pandemiaren ondorioz, okupazio-tasak nabarmen egin zuela behera, eta, geroago, pixkanaka igotzen hasi zela. 2023ko azken hiruhilekoan azken bost urteetako baliorik altuena lortu du.

Euskadiko 16-29 urteko gazteen hiruhilekoko okupazio-tasaren bilakaera (%)

2023ko azken hiruhilekoan, gizon gazteen okupazio-tasa emakume gazteena baino handixeagoa da (% 45,3 eta % 43,6, hurrenez hurren). Hori ez da berria, 2022an eta 2023an ikusi dugu gizon gazteek okupazio-tasa handiagoak zituztela emakume gazteek baino, baina 2023ko azken hiruhileko honetan bi tasen arteko alderik txikiena erregistratu da (1,7 ehuneko-puntu).

Euskadiko 16-29 urteko emakume eta gizonen okupazio-tasen arteko alderaketa 2022an eta 2023, hiruhilekoetako datuen arabera (%)

Aurkeztutako datu hauek Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren emaitzak dira, 2023ko laugarren hiruhilekoari dagozkionak, hain zuzen ere. BJA Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitarteko gazteen datuak helarazten dizkio, azken honek gazteen egoera aztertu ahal izateko.

Datu horiek zuzenean lotuta daude Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren 8. Helburuarekin, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa", eta, zehazkiago, 8.5 helmugarekin: Hemendik 2030era, enplegu osoa eta produktiboa eta lan duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, baita gazteentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat ere, eta balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea.

Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren 8. Helburua: Lan duina eta hazkunde ekonomikoa