Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna
Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko lau gaztetik hiruk uste dute urrats gehiago eman behar direla euskararen presentzia eremu guztietan bermatzeko (% 74,7).
Gazteen Euskal Behatokiak inkesta bat egin zuen 2024ko urriaren 10 eta 23 bitartean. Inkesta horretan 15 eta 29 urte bitarteko 2.047 gaztek parte hartu zuten. Inkesta horren emaitzen arabera esan dezakegu gazte horien % 45,3 oso ados daudela euskararen presentzia eremu guztietan bermatzeko pauso gehiago eman beharrarekin. Beste % 29,4 nahiko ados dago ideia horrekin, beraz, guztira, gazteen
% 74,7 ados dago euskarak eremu guztietan presentzia izateko pauso gehiago ematearekin.
Aitzitik, gazteen % 13,6 ez dago oso ados ideia horrekin eta % 6,1 ez dago batere ados. Gainerako
% 5,6k ez du erantzunik eman.
Emakumeek adostasun-maila handiagoa adierazi dute euskarak eremu guztietan presentzia handiagoa izan dezala bermatzeko pauso gehiago eman beharrarekin.
Gazteak bost urteko adin-taldeetan banatzen baditugu, ikusiko dugu talde guztietan oso ados daudenen ehunekoak antzekoak direla, baina ez oso ados edo batere ados ez daudenen ehunekoetan badaudela aldeak. Euskararen presentzia bermatzeko pauso gehiago emateari dagokionez, 25 eta 29 urte bitartekoen taldean dago desadostasuna adierazi dutenen ehunekorik handiena (% 23,9 ez dago oso ados edo ez dago batere ados).
Euskararen presentzia eremu guztietan bermatzeko pauso gehiago eman behar direla gehien uste duten gazteak Gipuzkoan bizi direnak dira, horien artean, ideia horrekin oso ados baitago % 55,1, hau da, gehiengoa.
2030 Agendaren lehentasunen euskal programak 2021-2024 aldirako hainbat konpromiso hartzen ditu bere gain. Euskarari dagozkionak 18.1 eta 18.2 arloetan azalduta daude, hala nola, «euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko presentzia indartzea», «euskararen ezagutza areagotzea eta, batez ere, euskararen erabilera azpimarratzea gizarte- eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan» edota «hizkuntza-eskubideen erabateko errespeturantz eta normalizatutako hizkuntza-bizikidetza baterantz aurrera egitea», besteak beste.