Apirilak 23, Liburuaren Eguna
Liburuaren Eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak honako txosten hau plazaratu du: 'Gazteak eta aisialdia. Kirol, irakurketa eta musikari lotutako Euskadiko gazteen ohiturak eta zaletasunak 2023an'. Txostenak 15 eta 29 urte bitarteko 1.701 gaztek inkesta online batean emandako erantzunak jasotzen ditu. Inkesta hori Gazteen Euskal Behatokiak burutu zuen 2023ko azaroan.
Jarraian, irakurketari buruzko atalean agertzen diren emaitza aipagarrienetako batzuk aurkezten dira.
Gazteen % 66,5ek dio galdetu aurreko hilabetean libururen bat irakurri zuela entretenitzeko (ez lanagatik edo ikasketengatik); zehatz-mehatz, % 29,8k liburu bat irakurri zuen, % 36,7k bi liburu edo gehiago eta, aitzitik, % 33,5ek liburu bat ere ez. Erreferentziazko hilabete horretan irakurritako liburu kopuruaren batez bestekoa 1,3 da.
Emakumeek gizonek baino gehiago irakurtzen dute (emakume gazteen % 74,7k libururen bat irakurri du erreferentziazko hilabetean; gizon gazteen artean, aldiz, % 59,0k) eta 15-19 urteko gazteek ere 20-29 urtekoek baino gehiago irakurtzen dute. Gehien irakurtzen duen taldea 15-19 urteko emakumeena da (horien artean ia erdiek, % 47,5ek, bi liburu edo gehiago irakurri zituzten aurreko hilabetean).
Irakurritako azken liburuari dagokionez, gehienbat eleberriak dira (% 64,3). Emakumeek gizonek baino eleberri gehiago irakurtzen dituzte, eta 15-19 urtekoek 20 urtetik gorakoek baino gehiago, nahiz eta talde guztietan gehiengoa izan eleberri bat irakurri dutenak.
Irakurritako azken liburuarekin jarraituz, egilearen sexua, jatorria eta liburua zein hizkuntzatan irakurri den ere aztertu da.
Emakumeek gehiago irakurtzen dituzte emakumeek idatzitako liburuak gizonezko egilea duten liburuak baino, batez ere 25 urtetik beherako emakumeek. Euskadiko gizonek, aldiz, gizonek idatzitako liburuak irakurtzen dituzte gehienbat, eta ehunekoa are handiagoa da 20 urtetik gorako gizonen artean.
Gazte gehienek atzerriko idazleek idatzitako liburuak irakurri dituztela diote (% 52,6k). % 30,5ek Espainiako beste autonomia erkidegoko idazle batek idatzitako liburua irakurri du eta % 14,2k Euskadiko idazle batek idatzitako libururen bat.
Liburu gehienak gaztelaniaz irakurri dira (% 71,5). Liburuen % 12,3 euskaraz irakurri da eta beste % 6,7 ingelesez. 15 eta 19 urte bitarteko gazteen artean eta Gipuzkoan bizi direnen artean euskaraz dagoen liburu bat irakurri dutenen ehunekoa batez bestekoaren gainetik dago.