Euskadin 35 urtetik beherako soldatapeko emakumeek hilean 1.299 euro garbi jasotzen dituzte, batez beste (aparteko bi ordainsari hainbanatuta). Bere adineko gizonek hilean 1.498 euro garbi jasotzen dituzte, hau da, emakumeek baino 199 euro gehiago. Datu horiek 2022koak dira eta Gazteen Euskal Behatokiak bere webgunean argitaratzen dituen estatistiketan kontsulta daitezke.
Azken hamar urteetan emakume eta gizon gazteen soldaten arteko aldea 150-250 euro artekoa izan da, zenbaki biribiletan.
Gazteen batez besteko soldaten zifrek aditzera ematen dute, oro har, gizon gazteen soldatek eta emakume gazteenek joera berdina jarraitzen dutela, nahiz eta 2014an gizonenak igo ziren eta emakumeenak, aldiz, jaitsi ziren, 2013ko zifrekin alderatuz gero, eta 2019an gizonen soldatek behera egin zuten eta emakumeenek mantentzea lortu zuten.
2030 Agendaren lehentasunen euskal programak, 2021-2024 aldirako jarduera-planean, Gobernu Programaren 150 konpromiso eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekiko harremana ezartzen ditu. Konpromiso horietatik jarduera zehatzak sortzen dira. Konpromiso horien artean hauxe dago: “soldata-arrailaren aurkako txoke-planaren aplikazioa sustatzea”.
Gainera, konpromiso horrek lotura zuzena du Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren bosgarren (“Genero-berdintasuna”) eta zortzigarren ("Lan duina eta hazkunde ekonomikoa") helburuekin, eta, zehazkiago, 8.5 helmugarekin. Helmuga horrek zera proposatzen du: “Hemendik 2030era, enplegu osoa eta produktiboa eta lan duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, baita gazteentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat ere, eta balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea.”