Eusko Jaurlaritzak zenbait laguntza eta dirulaguntza kudeatzen ditu pertsonen eta familien pobrezia-arriskuari eta gizarte-bazterketari aurre egiteko eta baliabide nahikorik ez duten pertsonen eta familien oinarrizko premiei erantzuteko. Laguntza horietako batzuk dira Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE), Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (GGI), Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL), etab.
Jarraian ikusiko dugu zenbat gaztek jasotzen duten Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta. Hileroko laguntza ekonomikoa da hau eta baliabide ekonomikorik ez duten pertsonei edo oinarrizko premiak asetzeko baliabide nahikorik ez duten pertsonei ematen zaie (DBEri buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, hemen kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/renta-de-garantia-de-ingresos-rgi/web01-tramite/es/).
2023an 18 eta 34 urte bitarteko gazteen % 2,9k diru-sarrerak bermatzeko errenta jaso zuten: adin-tarte horretako emakumeen % 3,4k eta gizonen % 2,5ek.
2013tik izandako bilakaerak erakusten du diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaile titular gazteen ehuneko txikienak 2022an eta 2023an osatu direla. Horrez gain, ikus daiteke emakumeen ehunekoak beti izan direla gizonenak baino handiagoak.
Titularrei soilik erreparatu beharrean, etxeko kide batek DBE jasotzen duen etxebizitzetan bizi diren 15 eta 34 urte bitarteko pertsona guztiei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu ehuneko horrek gora egiten duela, eta % 5,8 izan da 2023an.
2018tik 2023ra behera egin du familiako batek DBE jasotzen duen etxebizitzetan bizi diren 15 eta 34 urte bitarteko gazteen ehunekoak.
Pobreziari lotutako datu hauek eta beste batzuk Gazteen Euskal Behatokiaren web orrian dauden online estatistiketan kontsulta daitezke, “Lana eta egoera ekonomikoa” izeneko atalean eta, horren barruan, “Pobrezia eta gizarte-bazterketako arriskua” azpiatalean, hain zuzen ere.
Pobreziaren Amaiera da Nazio Batuen Erakundeak 2030erako ezarri zituen Garapen Iraunkorrerako Helburuetako lehena.