Zertan datza zure lana gizon nerabeekin, eta zein da ikastaro eta tailer hauen helburua?
Funtsean, nire zeregina gizonen, gizon gazteen bizipenei eta beren iritziei adi egotea da. Konfiantzazko giroa sortzen saiatzen naiz, elkarren arteko errespetua bermatuz. Horregatik argi esaten diet nire konpromisoa inor ez epaitzea eta esandakoa ez gutxiestea dela. Bakoitzarentzat balorazio-hitzak izaten ditut, eta adi egoten naiz denek senti dezaten haien presentzia eta esku-hartzeak axola zaizkidala. Nire ustez, baldintza horiek funtsezkoak dira mutilak argi eta zintzo parte hartzera animatzeko. Gai pertsonalak lantzen ditugu, eta sarritan gai intimoak ateratzen dira argitara. Hori da nire helburua.
Ni neu kide soil bat naiz talde horietan, gizon izateak berdintzen gaitu. Gaia kokatzeko eta genero-ikuspegia ikuspuntu maskulinotik erakusteko, hasieratik hitz egiten diet nire hezkuntza-lanari eta Piper Txuriak elkarteari buruz, eta baita «kutxa urdin» maskulinoaren baldintzapen maskulinoaren ezaugarri oinarrizkoenei buruz ere. Gizarteak eta kulturak kutxa horretan sartzen gaitu eta gure bizitza mugatzen du: nola jokatu eta pentsatu behar dugun esaten digute. Hori guztia oinarrizko mailan, dosi laburretan azaltzen diet. Nire «erreminta-kaxan» erabiltzeko dauzkat iraupen laburreko ikus-entzunezkoak, maskulinitate tradizional patriarkaletik datozen dinamikak, esaldiak eta baieztapenak, eta abar. Baliabide horiekin, esku hartzera bultzatu nahi ditut. Oinarri horri finkatu ondoren, nire jarrera entzutea eta tolerantzia handia erakustea da.
Gaiari buruzko interesa erakusten al dute? Nola baloratzen dituzte tailer hauek?
Bai, gehienek interes nahikoa dute. Baina nik neuk lortu behar dut interes hori, ez baita berez hasieran ematen den jarrera. Kontuan izan gaia ezohikoa eta nahiko ezezaguna dela. Horrez gain, gizon askorengan erresistentzia sortzea eragiten du berdintasunaren eta feminismoaren usaina duen guztiak (mezu eta gai horiek planteatzen ditugunean nola iristen zaizkien berrikusi beharko litzateke). Ezjakintasun handia dago gai hauen inguruan, eta diskurtso matxista tradizionalaren eragin handia. Tailerreko esperientzia bizi izan ondoren, ohikoa da hainbatek galdetzea ea itzuliko naizen.
Zerk bultzatu zaitu lan honetan aritzera?
Egia esan, gozatu egiten dut gazteekin harremanak izaten. Luxua eta oparia iruditzen zait ikasgeletan eta gazte-taldeetan sartzeko aukera ematen didan posizio pribilegiatu hori izatea, nik dudan rolari esker. Nire mezua transmititzeko modurik eraginkorrena zein izango den jakiteko prozesuan asko ikasten dut, haien erresistentziak eta mesfidantzak ulertzen saiatzen. Gizonen bizipenak eta gai honi buruz pentsatzen dutena entzunez ere asko ikasten dut. Lan aberasgarria da. Bertan inbertitzen dudan minutu bakoitzak pertsona bezala eraldatzen nau eta gizonen errealitatea hobeto ulertzen laguntzen dit. Errealitatearekin harremanetan jartzera behartzen nau... Gizon gazteekin ez dute balio teknizismoek, ezta diskurtso akademikoek ere. Benetakoa, osoa eta argia izatera behartzen naute: hori da eurenganako atea irekitzen didan giltza.
Kontatuko diguzu zerbait zuri buruz, berdintasunaren eta gizontasunaren arloan egin duzun ibilbideari buruz?
Piper Txuriak izeneko Berdintasunaren aldeko Gizonen Elkartea sortu genuen 2009. urtean, eta harrezkero elkartea koordinatzen aritu izan naiz, iristen zaizkigun eskaerei erantzuten eta sentsibilizazio- eta kontzientziazio-ikastaro ugari ematen. Aldi berean, berdintasun-agente gisa lan egin dut Deustu-San Inazioko Laguntza Psiko-Sozialeko Moduluan, maskulinitate hegemoniko patriarkal menderatzailea deseraikitzeko eta sexismoa desagerrarazteko. Nire bokazioa hezitzaile lana egitea da, eta beti bilatu dut heziketa-tresnak erabiltzeko modua, askapen eta ahalduntze pertsonaleko prozesua errazteko. Gizarte-hezkuntza eta Taldeen Erraztea ikasketak egin ditut, eta urteak eman ditut kirol-irakasle gisa. Psikoterapia oso gaztetatik egon da nire bizitzan eta nire ekintza guztietan da gida.

