Zergatik da aitatasuna aukera bat maskulinitate tradizionala eraldatzeko?
Seme-alabak haztea da egunero jaiki eta parez pare duzun ispilu bati begiratzea bezalakoa. Ispiluak galderak egiten dizkizu etengabe, eta ezin duzu saihestu hari begiratzea. Hark begirada itzuliko dizu egunero-egunero. Galdera bati erantzuna ematen diozun bakoitzean, hurrengoa prest dago jada. Esperientzia horrek halako intentsitatea eta sakontasuna du, ezen zure sinesmenen sistema osoa auzitan jartzeko gaitasuna duen. Zure izaeraren etxea behin eta berriz eraiki beharko bazenu bezala, etengabe. Hala, maskulinitatea da aukera ezin hobea da, egoera horretan, etxe horren deseraikuntzarako aukerak biderkatuko dituen tunelean barneratzeko; norbere aldaketarako, alegia. Lehen galdera hauxe da: «Zer egingo dut honekin guztiarekin?». Edo bestela esanda: «Zer egingo dut erortzen ari den materia honekin guztiarekin eta nola eraikiko dut etxe berria?». Zure izaera osoa hartzen duen krisialdia da, bere baitan hartzen baitu «gizon» izate hutsagatik izan beharreko guztia zureganatu zenuena. Aita-rola gureganatuta, erabaki dugu gazte bati bere hazkuntzan laguntzea, baina, ustekabean, esperientzia irauli egin da: gazte horrek guri lagunduko digu geure hazkuntzan.
Zer egin erortzen den material horrekin guztiarekin?
Gustatu ala ez, egin dezakegun onena da laguntza eskatzea, besteek bidera gaitzaten uztea, honi buruzko gauza handirik ez dakizula onartzea… baina ikasteko prest zaudela erakutsiz. Haurrek asko dakite hurbiltasun fisikoaz gozatzeaz, jolas egiteaz eta harreman lasaiak izateaz, laguntasuna eraiki eta mantentzeaz, maitatua izaten uzteaz eta maitasuna partekatzeaz, norbere negarra onartzeaz eta nola sentitzen diren adierazteaz, laguntza eskatzeaz eta beren zaurgarritasuna adierazteaz, apal jokatzeaz, beren bizitza bakardadetik kanpo antolatzeaz, isilik behatu eta lasai bizitzeaz, behar beste atseden hartzeaz. Gainera, beren iragana hain da laburra... Oso eskura dute eta erraz zaie berrikusi eta konpontzea. Ikas dezagun haiengandik.
Nola lagunduko du lan honek sexismoa eta patriarkatua amaitzen?
Hazkuntza konprometitu eta ez-patriarkalak auzi horiei erantzunak ematea eskatzen digu, hau da, sexismoarekin eta gure genero-eraikuntzan gizonek daramagun patriarkatuarekin estuki lotuta dauden hainbat gairi. Baina norekin jorra ditzakezu gai horiek guztiak? Aitatasun-mota honetarako ez digu balio supergizonaren ereduak edota babesteko erabili izan dugun korazak. Hemen ez du balio dena dakigulako edo kontrolpean dugulako itxurak egiteak, agerikoa baita galduta, nahasita eta ikaratuta gaudela. Gauza asko onartu beharko ditugu ulertu ere egin gabe! Eta egoera ezin hobea da. Are gehiago: benetako opari bat da. Agerian geratuko dira patriarkatuak gizonoi eman dizkigun oinarri faltsuak.
Aitatasun ez-patriarkalaren etxean sartzean, jantzi maskulinoa erantzi behar dugu, jantzi korazatua, harroa, protagonista, isolatua eta bakartia, orojakilea, deserosotasunetik eta intimitatetik ihes egiten duena, menperatzailea, hotza, zurruna, haserre dagoena. Jantzi horren azpian zu zaude, zure oparirik onena. Orduan biluzik geratuko zara harreman horretan sartzeko, gorputzez eta arimaz, zure burua goitik behera eraldatuko duen bizipen horren abenturarako.
Ikastaro honetan aurkituko dugunaren aurkezpen labur bat egin dezakezu?
Ikastaro hau, batez ere, gizon hazleen arteko elkartasunerako gune bat izango da, beren zaurgarritasuna, ezagutzarik eza eta zalantzak zintzoki erakusteko aukera. Onartzeko oker daudela, huts egingo dutela, ez baitago ikasteko eta eboluzionatzeko beste modurik. Elkarri entzungo diogu, eta, horrela, denok antzeko erronkei aurre egiten diegula konturatuko gara. Genero-testuinguru batean jarri nahi ditugu erronka horiek, eta tradizionala den eraikuntza maskulino patriarkalari buruz hausnartu, esperientzia komun honek eskaintzen digun aukeraren bidez: aitatasuna, biologikoa ala ez.
Noiz: martxoak 16 eta 23
Norentzat: haurrekin, nerabeekin eta gazteekin modu profesionalean edo borondatezkoan lan egiten duten gizonak.
Hizkuntza: gaztelera. Irakasleak euskararen erabilera sustatuko du, eta batzuetan erabiliko du. Dena den, bai euskara, bai gaztelera erabili ahal izango dute partaideek.
Ordutegia: 9:00etatik 14:00etara
Non: Bilbon, GEBen egoitza. Uriortu kalea, 11 – behea
