Elkarrizketa: Sara González eta Saioa Magunazelaia, "Eskola jazarpenaren eta ziberjazarpenaren inguruko tailerra" prestakuntzaren irakasleak.

Argitalpen-data: 

Sara González Muro. Psikologo psikoterapeuta, bitartekaria eta hezitzailea. Saioa Magunazelaia Gonzalez. Osasun eta hezkuntza psikologoa. Traumaterapeuta sistemikoa, bitartekaria eta hezitzailea.

Irakasleen argazkia

Ikastaroaren azala

BERDINEN ARTEKO JAZARPENA ETA ZIBERJAZARPENA 

Beste urte batez, berdinen arteko eskola-jazarpenari eta ziberjazarpenari buruzko ikastaroa emango al da? 

Ba bai, ematen dugun urte guztietan edukiera bete egiten da eta oso balorazio onak izaten dira. Parte-hartzaileen iritziz, prestakuntza oso praktikoa eta beharrezkoa da, eta ados nago. Hezkuntza-arloko profesionalek eskakizun handiak dituzte erakundeetatik eta familietatik, eta, batzuetan, genero-berdintasunean, kultura-aniztasunean, sexualitatean, gatazkak ebaztean eta eskola-jazarpenean eta ziberjazarpenean adituak izatea eskatzen zaie. Arlo bakoitzak, berez, oso eremu zabala eta konplexua du, eta, beraz, garrantzitsua da era horretako prestakuntza intentsiboak egotea, kontzeptuak ulertu eta estrategiak praktikatu ahal izateko. 

Ezinezkoa da guztiari buruz jakitea… 

Hain zuzen ere, eta gainerako esparruetan bezala, hezkuntzan ere ez da beharrezkoa irakasle guztiak eskola-jazarpenean eta ziberjazarpenean adituak izatea. Ikastetxe bakoitzean BAT (Bullying Aurkako Taldea) izeneko talde bat dago, eskola-jazarpena dagoen kasuetan edo susmoak dauden kasuetan orientatzeaz, esku hartzeaz eta/edo aholkatzeaz arduratzen dena. Nahikoa da gaian trebatuta dauden hainbat pertsona egotea, esku hartu ahal izateko protokoloa eta tresnak ezagutzen dituztenak, ikastetxe bat eraginkorra izateko eskola-jazarpenaren prebentzioan eta kudeaketan. 

Horrek ez du esan nahi klaustroak jazarpenari eta ziberjazarpenari buruzko ezagutzarik izan behar ez duenik. Bereziki, tratu txarren adierazleak ezagutu behar dituzte hasi berritan detektatzeko, eta eman beharreko lehen urratsak zein diren jakin behar dute, adingabeen sufrimendu handiagoa saihesteko eta, jakina, kasua kroniko ez bihurtzeko.

Hortaz, norentzat da prestakuntza hau?

 Prestakuntza hau adingabeekin lan egiten duen edonorentzat da interesgarria. Pentsatzen dugun lehen testuingurua hezkuntzakoa da, bertan egiten baitugu lan gehien, eskola eta institutuetan jazarpenari eta ziberjazarpenari aurrea hartzeko tailer asko egiten. Hala ere, prestakuntza horietara kaleko, pisuetako, gazte-lekuetako hezitzaile asko, psikologoak... etortzen dira. Eta adingabeekin esku hartzen den testuinguru desberdinak partekatzeak eta entzuteak oso aberasgarria egiten du prestakuntza.

 Zertan datza prestakuntza? 

Prestakuntza praktikoa da nagusiki, eta oinarrizko zati teoriko bat du hasieran, eskola-jazarpeneko eta ziberjazarpeneko egoerak ondo identifikatzen ikasteko. Era berean, esku hartzeko estrategien eremu bat ematen dugu, Eusko Jaurlaritzaren eskola-jazarpeneko protokoloan oinarrituta. Role-play ariketen bidez jartzen ditugu praktikan, eta horrek dinamismoa eta praktikotasuna ematen dio prestakuntzari.

Esku hartzeko estrategia guztiak hitzaren bidez egiten dira, eta, beraz, denbora bat ematen dugu entzute aktiboan sakontzen eta praktikatzen (nola entzun, konfiantza sortzeko eta beste pertsonaren defentsak murrizteko) eta gure komunikazio-gaitasuna hobetzen ikasten, gure mezua iristeko.

Jakina, kasu errealak aztertzen ditugu eta horrelako egoerak bideratzeko prozesuak lantzen ditugu, sufritzen ari den pertsona, eskola-jazarpena egiten ari diren pertsonak eta ikusten ari diren pertsonak kontuan hartuta.

Gaiaren inguruan interesa duen edonorentzat, zalantzak baditu edo informazioa eguneratu eta/edo freskatu nahi badu, oso erabilgarria izango da.

 

Ikastaroari buruzko informazioa