Elkarrizketa: Sara González "Eskola jazarpenaren eta ziberjazarpenaren inguruko tailerra" prestakuntzaren irakaslea.

Argitalpen-data: 

Sara González Muro. Psikologo psikoterapeuta, bitartekaria eta hezitzailea.

Irakasleen argazkia

Ikastaroaren azala

BERDINEN ARTEKO JAZARPENA ETA ZIBERJAZARPENA 

Prestakuntza hau ematen duzun hirugarren urtea da hau.  Zergatik uste duzu oraindik ere interes handia pizten duela?

Oso gai sentikorra da, bai familientzat, bai hezkuntza-komunitate osoarentzat. Oraindik ere zalantza ugari daude zer den eta zer ez den, eta batez ere, nola jokatu behar den. Zalantzak izatea, gauzak zalantzan jartzea... oso ariketa garrantzitsua da hezkuntzan, gelditu eta pentsatzera behartzen gaituelako. Hala ere, batzuetan zalantzek geldiarazi egiten gaituzte.

Horregatik, oso garrantzitsua da gida gisa balioko diguten ziurtasun batzuk izatea. Prestakuntza-saioetan, saiatzen gara bertaratzen diren pertsona guztiek, ikastaroa amaitu ondoren, egitura argi bat izan dezaten, tresna batzuk, jazarpen- edo ziberjazarpen-egoeretan esku hartzen lagun diezaieten. Esku hartzeaz ari garenean, jazarpen- edo ziberjazarpen-egoera batean parte hartzen duten pertsona guztiekin egiten den lanaz ari gara, bai egoera hori jasaten duten pertsonekin, bai eraso-jokabideak dituzten pertsonekin, behatzaileekin, familiekin, hezkuntza-erakundearekin...

Esku-hartze horiek enpatia eta gogoeta sustatu behar dituzte, eta ikasleei argi ikusten lagundu behar diete zer dagoen onartuta eta zer ez.

 

Zein da ikastaroaren helburu nagusia? 

Ikastaroaren helburu nagusia da, ikastaroan parte hartzen duten pertsonei egitura bat ematea eta, batez ere, kasu hauetarako bereziki diseinatutako esku-hartzeko tresna desberdinak ematea, esku-hartze zehatz eta espezializatuak eskatzen dituztenak.

Jazarpenaren eta eskola-jazarpen digitalaren errealitatearen ikuspegi orokor bat emanez hasten dugu. Ondoren, bai esku-hartzeko bai prebentziorako tresnetan lan egiten dugu, guztia Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzeko Protokoloan kokatuta. Gainera, taldean, komunikazio-sare oso interesgarriak ezartzen dira parte-hartzaileen artean, guztiak hezkuntza-arlotik datozenak, baina erakunde desberdinetatik: eskolak, familiak, elkarteak...

 

Zergatik da hain garrantzitsua arazoa ahalik eta azkarren detektatzea?

Detekzio goiztiarra funtsezkoa da; esku-hartzea eraginkorragoa izatea ahalbidetzen du, egoera lehenago bideratzea eta parte hartzen duten ikasleak lehenago babestea. Esku-hartzea denboran luzatzen bada, gatazkak sustraitu ohi dira, konplexuago bihurtzen dira, ikasleen sufrimendua modu esponentzialean handitzen da, eta zaildu egiten da esku-hartzea eraginkorra eta azkarra izatea.

 

Zer ekarri diezaioke prestakuntza honek irakasle bati egunerokoan?

Buruan ideiak antolatuta izatea ahalbidetuko dio, hobeto eta lehenago detektatzen eta esku-hartzea segurtasun handiagoz bideratzen lagunduko diotenak. Gainera, metodologikoa  funtsean praktikoa da, eta horrek segurtasuna eta trebetasuna emanen dizkio.

 

Hainbeste urtez arlo honetan lan egin ondoren, zer da gehien kezkatzen zaituena?

Kezkatzen gaitu batzuetan oraindik ere kostatu egiten zaigula esku hartzea, beldurraren edo ezagutzaren falta dela. Bestetik, erabiltzen diren metodologia batzuk gaitzesten ditugu ere, hala nola jazarpena egiten eta jasotzen duten pertsonen familiak batera biltzea, esku-hartze guztiek banakakoak izan beharko luketenean. Era berean, familiek, bultzadaz edo premiaz, beren kabuz egiten dituzten esku-hartzeak saihestu beharko lirateke; izan ere, ikastetxeak gidatu beharko luke esku-hartze oro, familien konfiantzarekin.

 

Norbaitek izena emateko zalantzak baditu, zer esango zenioke?

Esango nioke merezi duela. Aurreko urteetako parte-hartzaileek hori baieztatzen dute, eta ohikoa da esatea baliagarria eta praktikoa izan zaiela, eta batzuetan laburra ere. Gogoeta partekatuko espazio bat izateak eta estrategiak praktikan jartzeak laguntza handia emanen die beren hezkuntza-lanerako, eta elkarbizitzen ikastea bezalako zeregin konplexu horretan jarraitzeko.

 

Ikastaroari buruzko informazioa