Zer da auzolandegi bat?
Auzolandegietan jatorri ezberdinetako gazteak biltzen dira, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizi eta gizarte osoarentzat onuragarria den proiektu batean parte hartzeko.
Hona hemen, labur-zurrean, auzolandegien ezaugarri batzuk:
- Arauak
Denok parte hartuz, elkarlanean eta lagun-giroan gauzak sortzeko lekua. Horretarako, baina, arau batzuk errespetatu beharko ditugu. - Ingurua
Auzolandegiaren inguruak ezagutzeko modua eta berarekin bat egiteko era (hainbat ekintza, ibilaldi eta txangoren bidez). - Esperientzia
Eguneroko gauza berdinak egiteari utzi eta esperientzia berriei bideak zabaltzea. - Lana
Parte-hartze aktiboa eta guztien artekoa, auzolandegia egiten den komunitatearen aldeko lanak egiten dira. - Animazioa
Jarduerak era sortzailean eta elkarlanean egitea, aisialdi konbentzionala alde batera utzita. - Baloreak
Taldean bizitzeko esperientzia bereganatzea. Bakoitza bere indibidualtasunetik atera eta taldeko bizimoduak dituen baloreak bereganatzea. Gizartearen baloreak bereganatzea (tolerantzia, elkartasuna,...). - Jarrera
Parte-hartzaileak taldean bizi, taldean lan egin eta taldean ondo pasatzeko asmoa du, eta taldera moldatuko da. - Natura
Ohiko ibilbideak utzita, nekazal inguruneak ezagutzeko aukera. - Topagunea
Sorterri ezberdinetako pertsonek euren kulturak eta ohiturak elkarri trukatzeko topagunea. - Jarrera
Dena, denen artean egiten den tokia.
Zer ez da auzolandegi bat
- Ez da lan egiteko toki hutsa. Lana tresna baino ez da.
- Ez da "kontzentrazio" esparru bat, inola ere. Borondatez joaten da, eta borondatez utz daiteke.
- Ez da udaleku bat.
- Ez da turismo merkea egiteko era bat.
- Ez da etxeko erosotasun guztiak bertan izan behar direla pentsatuta, uda pasatzeko toki bat.
- Ez da pertsonak, euren eragozpen fisiko, psikiko nola sentsorialengatik edo euren erlijio edo ideologia sinesmenengatik diskriminatzeko tokia.
- Ez da paso egiteko edo inor baino listoago izanez ekintzetan ahalik eta gutxien parte hartzeko tokia.
- Ez da inor kontuan hartu gabe nahi duzun guztia egiteko tokia.
- Ez da inoren proposamenak eta ekimenak atzera botatzeko tokia. Alderantziz: horiek taldearen filosofiarako aberasgarriak badira, gustura onartzen dira.
Auzolandegien helburuak
-
Lehenik eta behin, jatorri eta gizarte-maila desberdinetakoak diren gazteei elkarrekin bizitzeko eta elkar ezagutzeko aukera ematea, aurreiritziak gainditzeko lagungarria den borondatezko esperientzia bateratu baten bidez.
-
Eta bigarrenik, gizartean proiekzioa duen eta, ingurumenaren, elkartasunaren eta lankidetzaren arloan, bai eta beste arlo batzuetan ere, komunitateari onura ekarriko dion lan bat egiten laguntzea.
Gazteria Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzen ditu auzolandegiak, baina auzolandegi horietan gainerako autonomia erkidegoetako nahiz atzerriko gazteak ere hartzen ditu. Era berean, beste autonomia erkidegoetako eta atzerriko auzolandegietan parte hartzeko plazak ere eskaintzen dizkie EAEko gazteei.