Auzolandegien ezaugarriak, kuota eta arauak

Ezaugarriak

  • Iraupena: normalean, hamabost egunekoak izaten dira.
  • Lanaldia: gutxi gorabehera, astean 20 ordutan lan egiten da, gehienbat goizez. Arratsaldez jarduera soziokulturalak egiten dira inguruneko errealitatearen berri izateko, bai eta aisialdiari eta astialdiari lotutako jarduerak ere, esate baterako, ondare historiko-artistiko aberatsa duten tokietara joatea. Atzerrian, zenbaitetan, ordu gehiago egiten dituzte; batzuetan, baita arratsaldez ere.
  • Osaera: 15 eta 20 boluntario artean, eta, horrez gain, arduradun teknikoa eta zuzendaritzako taldea.
  • Zuzendaritzako taldea: auzolandegiko zuzendariak eta gutxienez gazteen elkarte bateko kide diren bi sustatzailek osatuko dute.
Auzolandegi bateko taldea

Kuota

Kuota 110 eurokoa izango da Euskadiko eta atzerriko* Auzolandegietan izena emanez gero.

Kuota aldatu daiteke autonomia erkidegoaren arabera (Ceutako 72 euroen eta Nafarroako edo Gaztela-Mantxako 120 euroen bitartean). Auzolandegi bakoitzaren fitxan ikusiko duzu horren inguruko informazio gehiago. Nazioarteko auzolandegi batzuk “extra fee” edo kuota gehigarri bat izan dezakete.

* Atzerriko auzolandegi batzuetan aparteko ordainketa bat ezarrita dago (aparteko kuota) eta eskudiruzko ordainketa egin beharko du gazteak auzolandegira iristean.

Eskaintzen diren zerbitzuak:

  • Ostatua eta mantenua: ostatua eta mantenua ordaintzeko gastuak auzolandegiak antolatzen dituen erakundeak ordainduko ditu; hala, beraz, boluntarioak ez du ezer ordaindu behar. Aisialdi programa ere barne dago. Atzerrian, zenbaitetan, aisialdia boluntario taldearen esku gelditzen da.

    Atzerriko auzolandegietan, ostatu- eta mantenu-baldintzak ez dira izaten autonomia erkidegoetakoak bezalakoak. Egokitu egin beharko zara bertako baldintzetara, hau da, agian, etxeetan, kanpin-dendetan edo bestelako egoitzetan egin beharko duzu lo.

  • Asegurua: auzolandegietan parte hartzen duten guztiek aseguru bat izango dute. Aseguru horrek auzolandegietako jarduerak egin bitartean izan daitezkeen istripuei eta istripu horiek eragindako erantzukizun zibilari egingo die aurre. Bestalde, osasun-asistentzia bermatua izateko, auzolandegiko parte-hartzaile bakoitzak bere osasun-txartela eraman beharko du auzolandegira (Osakidetzakoa edo beste antzekoren bat).
  • Europako osasun txartela edo Ordezko ziurtagiri behin-behinekoa (Certificado Provisional Sustitutorio delakoa) eraman beharko dute auzolandegia Europako Batasuneko herrialdeetan, Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetan edo Suitzan aukeratu duten guztiek. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak, betiere osagarri, bidaiako asistentzia emateko aseguru bana kontratatuko du espainiar estatutik kanpora doazen guztientzat. Kontsultatu nazioarteko bidaiarientzako informazioa osasunaren inguruan.

Ez dira sartzen:

Bidaia, antolakuntza eta gastuak gazte bakoitzaren kontura dira. Auzolandegia egiten den tokiraino iristeko egin beharreko joan-etorrien gastuak boluntarioak berak ordaindu beharko ditu, bai eta bere kabuz antolatu ere.

Auzolandegi bateko taldea lanean

Arauak

  • Proiektuan adierazitako orduetan musu-truk lan egitea, astean bost egunetan.
  • Animazio-ekintzetako programazioa garatzen laguntzea eta bertan parte hartzea.
  • Auzolandegiaren antolakuntza orokorrean (garbiketa, sukaldea, eta abar) laguntzea.
  • Auzolandegian parte hartzen duten pertsona guztien ideologiak eta diferentziak errespetatzea.
  • Auzolandegiak irauten duen bitartean, bertatik alde ez egitea.
  • Auzolandegi bakoitzaren barne erregimeneko eta bizikidetasuneko arauak errespetatzea. Arauak, ondoko hauek izango dira beste hainbaten artean: ekintzaren arduradunen aginduak onartzea; ordutegiak betetzea; auzolandegiak iraungo duen bitartean ez dira ibilgailu partikularrak erabiliko; alkohola duen edaririk edo legez kanpoko drogarik ezingo da hartu; auzolandegian lanean ari ez diren pertsonak ez dira onartuko.
  • Parte-hartze aktiboa, doako laguntza, lagunari laguntza eman eta taldeari aberastasuna ekarriko dioten balioak eskaintzea.

Ezarritako arauak ez onartzeak edo ez betetzeak auzolandegitik berehala kanporatua izateko bidea eman dezake.

Auzolandegietan ez da inolako eraso matxistarik onartuko. Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak Auzolandegiko pertsona guztien eskura jartzen du protokolo bat, eraso matxistaren baten berri izanez gero aplikatuko dena. Kontsulta dezakezu, hemen.