Datozen asteetan, Gazteen Euskal Behatokian Substantziarekiko adikzioak eta portaera-adikzioak prestakuntza emango da, gazteekin eta haurrekin lan egiten duten pertsonei zuzendua. Ikastaroan substantzien kontsumoarekin, ausazko jokoekin, kirol-apustuekin eta sare sozialen erabilerarekin lotutako arriskuak jorratuko dira, baita detekzio goiztiarreko, arriskuen murrizketako eta autozainketaren sustapeneko estrategiak ere.
Estibaliz Ansotegi psikologoak eta Ortzadarreko osasun eta adikzioen arloko prebentzio programen koordinatzaileak emango du prestakuntza. Harekin hitz egin dugu prestakuntzaren helburuak hobeto ezagutzeko eta profesionalek adikzioen prebentzioan duten funtsezko eginkizunari buruz hausnartzeko.
1. Zergatik da garrantzitsua gaur egun substantziarekin eta substantziarik gabeko adikzioei buruz hitz egitea haurrekin eta gazteekin lan egiten dugunean?
Adikzioak ez dira soilik drogen kontsumora mugatzen. Gero eta maizago ikusten ditugu jokoekin, apustuekin, bideojokoekin edo sare sozialen erabilerarekin lotutako jokabide problematikoak.
Jokabide horiek ondorio garrantzitsuak izan ditzakete maila emozionalean, sozialean, akademikoan eta familiarrean, eta askotan oharkabean pasatzen dira oso normalizatuta daudelako. Horregatik, funtsezkoa da haurrekin eta gazteekin lan egiten duten pertsonek tresnak izatea arriskuak identifikatzeko, mito faltsuak hausteko eta ohitura osasungarriagoak eta norberaren zaintza sustatzeko.
2. Zer desberdintasun dago substantziarekin lotutako adikzio baten eta jokabide-adikzio baten artean?
Substantziarekin lotutako adikzioetan, gorputzean zuzenean eragiten duen droga baten kontsumoa dago; jokabide-adikzioetan, aldiz, ez dago kanpoko substantziarik, baizik eta garuneko plazer-zirkuituak modu oso bizian aktibatzen dituen jokabide bat.
Hala ere, biek elementu komun asko dituzte: kontrola galtzea, jokabidea errepikatzeko beharra, egin ezin denean sortzen den ondoeza, eguneroko bizitzan interferentzia eta mugak jartzeko zailtasunak. Antzekotasun horiek ulertzeak arrisku-egoerak goiz detektatzen eta arazoa larriagotu aurretik esku hartzen laguntzen du.

3. Zein faktorek egiten dituzte pertsona gazteak bereziki zaurgarri adikzio mota horien aurrean?
Nerabezaroa eta gaztaroa bilaketa, esperimentazio eta nortasunaren eraikuntza-etapak dira. Horri faktore hauek gehitzen zaizkio: taldearen presioa, taldeko kide izateko beharra, inpultsibotasuna eta arriskuaren pertzepzio baxua.
Horrez gain, testuinguru batean bizi gara non oso erraza den substantzietara, online apustuetara, jokoetara edo sare sozialetara sartzea. Publizitateak eta normalizazio sozialak etengabe indartzen du joera hori. Horregatik da hain garrantzitsua babes-faktoreak lantzea, pentsamendu kritikoa sustatzea eta informazio argia eta errealista eskaintzea.
4. Zein alarma-seinale hartu beharko lituzkete kontuan haurrekin eta gazteekin lan egiten duten pertsonek?
Alarma-seinale batzuk izan daitezke jokabidean aldaketa bortitzak, suminkortasuna, isolamendua, errendimendu akademiko edo laboralaren jaitsiera, lo-arazoak, kontsumoarekin edo teknologien erabilerarekin lotutako gezurrak, edo jokabide jakin batekiko kezka handia.
Kontua ez da diagnostikatzea, baizik eta behatzea, entzutea eta egoera jakin batzuk ez normalizatzea. Gakoa detekzio goiztiarrean dago, eta erreferentziazko helduek funtsezko zeregina dute laguntzeko, orientatzeko eta, beharrezkoa bada, arazoa baliabide espezializatuetara bideratzeko.
5. Zein zeregin dute profesionalek adikzioen prebentzioan?
Haurrekin eta gazteekin lan egiten duten pertsonak lehen mailako prebentzio-eragileak dira. Komunikatzeko, mugak jartzeko eta gai hauek lantzeko moduek mezu oso indartsuak transmititzen dituzte.
Haien zeregina ez da debekatzea, baizik eta informazioa ematea, hausnarketarako espazioak sortzea, norberaren zaintza indartzea eta erabaki kontzienteagoak sustatzea. Askotan, gaiari buruz hitz egite hutsak, mito faltsuak apurtzeak eta gazteen zalantzak baliozkotzeak eragin prebentibo handia dute.
6. Zer ekarpen egingo die prestakuntza honek bertan parte hartzen duten pertsonei?
Prestakuntza honek eskaintzen du substantziarekin eta substantziarik gabeko adikzioei buruzko ikuspegi zabala eta eguneratua, informazio teorikoa eta adibide praktikoak eta dinamika parte-hartzaileak uztartuz.
Helburua da parte-hartzaileek eguneroko lanean erabiltzeko ondorengo tresna zehatzak bereganatzea: arriskuak detektatzeko irizpideak, kalteak murrizteko jarraibideak, gazteekin komunikatzeko gakoak eta beren prebentzio-rolaren inguruko kontzientzia handiagoa, hori guztia genero-ikuspegitik eta gazteriaren egungo errealitatera egokituta.
