Baldintzak

Baldintzak

Laguntza jasotzeko, baldintza batzuk bete behar dituzu. Hemen irakur ditzakezu, edo gure testa egin dezakezu, betetzen dituzun jakiteko.

Gogoratu eskaera egiten duzunean baldintza horiek justifikatu beharko dituzula dagokion dokumentazioarekin.

Baldintzak

Betekizun orokorrak

  • 25-29 urte izan behar dituzu, biak barne.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egotea, eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez, edo azken 10 urteetan 3 urtez jarraian erroldatuta egotea.
  • Errentamendu-kontratu baten titularra izan behar duzu, banaka edo errentarikide gisa (etxebizitza partekatzen duzulako), edo salerosketa-kontratu baten titularra, banaka edo jabekide gisa, kontratu horrek hileko ordainketa ekonomiko egiaztagarria badakar (alokairua, hipoteka edo mailegu pertsonala ordaintzea).
  • Ezin zara ohiko etxebizitzaz bestelako etxebizitza baten jabe izan, non eta ez duzun egiaztatzen ezin duzula etxebizitza horretaz baliatu (banantze edo dibortzio arrazoiengatik edo zure borondatearekin zerikusirik ez duen beste edozein arrazoiengatik).
  • Etxebizitzak laguntza eskatzen duzuenon ohiko egoitza iraunkorra izan behar du
    (etxebizitza horretan erroldatuta egon beharko duzu).
  • Ezin duzu familia-loturarik izan etxebizitza alokatzen duen pertsonarekin (bigarren mailara arte). Erosketaren kasuan, etxebizitza senide bati eros diezaiokezu, inolako mugarik gabe.
  • Alokairuaren, hipotekaren edo maileguaren zenbatekoa banku-transferentzia bidez, Bizum bidez, ordainketa elektroniko bidez... ordaindu behar duzu.

Baldintza ekonomikoak 2024

Gutxieneko eta gehieneko diru-sarreren mugak urtero eguneratuko dira. 2024ko deialdiaren mugak hauek dira:

  • Zerga-aitorpena banaka egiten baduzu: 3.000 eurotik gorako eta 28.000 eurotik beherako urteko diru-sarrerak.
  • Baterako zerga-aitorpena egiten baduzu: 3.000 eurotik gorako eta 34.000 eurotik beherako urteko diru-sarrerak.

Lanaren, jarduera ekonomikoen , kapital higigarriaren eta higiezinaren etekin osoak, ondare-irabaziak eta -galerak, errenten egozpenak eta salbuetsitako errentak zenbatzen dira, ken pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kengarriak diren gastuak.

Pentsio osagarriak eta urteko mantenu-pentsioak ezkontide ohiaren diru-sarreratzat hartuko dira, horiek ordaintzera behartuta dagoen ezkontide ohiaren edo izatezko bikotekide ohiaren diru-sarreren gutxitze gisa, baldin eta ordaintzeko betebeharra duen ezkontide ohiak edo izatezko bikotekide ohiak agiri bidez frogatzen badu benetan ordaindu duela.

Honako zenbateko hauek ez dira zenbatuko:

  • Emantzipa programa,
  • Gaztelagun programa,
  • Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa.
  • Alokairua ordaintzeko gizarte-larrialdietarako laguntzak.
  • Negatiboak diren ondare-irabazien eta -galeren saldo garbiak.

Gainera, ezin duzu 75.000 eurotik gorako ondasun, eskubide edo aktibo finantzariorik eduki, jarduera enpresarial edo profesional baterako ez badira, eta ohiko etxebizitza alde batera utzita.

OHARRA: Laguntza eskatzeko unean errenta-aitorpenik egin ez bada eta/edo foru ogasunetatik lortzen diren aurreko ekitaldiaren datu fiskalak eskuragarri ez badaude, eskabidea egiten den unean atal honetan ezarritako diru-sarreren mugak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira (nominak, 10T, bestelako diru-sarreren egiaztagiriak, etab.).

Bateraezintasunak

Kontuan izan Emantzipa bateraezina dela honako hauekin:

  • Babes ofizialeko etxebizitza batean (adibidez, Alokabide, Bilboko Udal Etxebizitzak, Donostiako Etxegintza edo bestelako administrazioenak) errentaria izatea
  • Bizigune edo ASAP (Alokairu Segurua, Arrozoizko Prezioa) programako etxebizitza pribatu batean errentari izatea.
  • Babes publikoko etxebizitza bat jabetzan izatea, guztiz erabilgarri ez dagoela egiaztatzen ez baduzu.
  • Gastu egiaztagarririk eragiten ez duen etxebizitza bat izatea (adibidez, familia-etxebizitza baten erabilera laga badizute edo kargarik gabe heredatu baduzu).

Bateragarritasunak

Emantzipa bateragarria da laguntza eta prestazio hauen onuradun izatearekin:

  • Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE), bizitzeko gutxieneko diru-sarrera (BGDS) edo administrazio publikoen gizarteratze-politiketatik datorren edozein errenta jasotzea.
  • Gaztelagun programa.
  • Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa (EPE) jasotzea.
  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) hartzaile izatea.
  • Alokairu-gastuetarako edo emantzipazioa bultzatzeko udal-laguntzak edo beste administrazio publiko eta erakunde batzuenak jasotzea.