Motxilarekin munduan zehar

Nor edo zer da motxileroa?

Paisaia
Argazkiaren egilea: taki Lau
Lizentzia:CC BY-SA 2.0 

Motxilarekin bidaiatzea askorentzat bizitzeko modu bat da, pertsona moduan indartu eta esperientzia berriak bizitzeko aukera bat, herrialde ezberdinak eta jendea ezagutzen duzun bitartean. Bidaiak berak du garrantzia ez helmugak.

Ohiko bidaiek erosotasunari ematen badiote garrantzia, motxileroek nahiago dute diru gutxiago gastatu, ostatuan, janarian eta garraioan eta ondorioz aurreztutakoarekin bidaia luzeago bat egin.

Zenbaitentzat, motxilarekin bizkarrean egiten den bidaia etapa baten bukaera eta beste baten hasiera izan daiteke: batxilegoa amaitu ostekoa, unibertsitatea amaitu eta lanean hasi aurrekoa… Australiako, Zelanda Berriko, Kanadako eta Estatu Batuetako gazte askok egiten dute
urtebeteko motxilero bidaia munduan zehar. Gure inguruan laburragoak diren beste motxila bidaia batzuk ere ezagunak dira: Done Jakue bidea
edo InterRail esaterako.

Bestalde, motxileroen beste ezaugarri berezi bat beraien soziabilitatea eta adiskidetasuna da. Beste pertsona batzuekin harremanak eduki eta esperientziak trukatzeko gogoa izaten dute, tokiko kultura ezagutu eta lagun berriak egiteko, alegia. 

Zeinbait aholku

Uda honetan zure motxila hartu eta mundu berriak ezagutzeko erabakia hartu baduzu, oso ongi etorriko zaizkizu aholku batzuk:

Motxileroak
Argazkiaren egilea: Matías Callone
Lizentzia:CC BY-SA 2.0 
  • Erabaki zein urte-sasoitan bidaiatu nahi duzun
    Udan, motxileroak perretxikoak bezala ugaltzen dira, eta beraz, lagun ugari egin ahal izango dituzu. Gainera, tenperatura atsegina da, kontzertuak eta jaialdiak izaten dira Europa osoan… Hala ere, dena da garestiago. Jende-pilaketa handiak izaten dira. Agian ez duzu tokirik aurkituko tren edo ostatu batean overbookinga dagoelako.
  • Alde batera utzi hiri garestienak
    Herrialdeak ez daude beren hiriburuetan. Ongi dago Paris, Erroma… ezagutzea, baina badira horiek bezain ederrak eta askoz merkeagoak diren hiriak. Bi edo hiru egun hiriburu batean egitea eta gainerakoak hain ezagunak ez diren herrietatik barrena ibiltzea da duzun aukera bat. Ahaztu baino lehen: ba al zenekien Londres dela Europako hiririk garestiena?
  • Zure bidaia garaiz programatu
    Behinik behin, hegazkin-txartelari dagokionez. Zenbat eta lehenago erreserbatu, orduan eta merkeagoa izango duzu. Datorren urteko urtarrilean Berlinera joan nahi duzula baldin badakizu, egizu zure erreserba. Ahal baduzu, hobe da txartel irekia izatea, etortzeko eguna aldatu ahal izan dezazun, diruak horretarako aukera ematen badizu eta denbora gehiago geratzea erabakitzen baduzu.
  • Bidaiatzera zoazen herrialdeari buruzko informazioa jaso
    Bertako legeak, ohiturak, beharrezko txertoak, hizkuntza ofiziala... Bisitatuko duzun herria zenbat eta gehiago ezagutu, hobeto moldatuko zara eta arrisku gutxiago izango dituzu. Horren inguruko  informazio guztia  duzu Kanpo Arazoetarako eta Kooperaziorako ministerioaren web orrian.
    Turismo-bulegoetan, Interneten eta gidetan ere informazioa jaso daiteke. Ba al zenekien Londresko linea publikoko 24 zk. autobusak "sightseeing" autobus turistikoen ibilbide bera egiten duela? Horixe ba.
  • Aprobetxatu orain, gaztea zarela
    Zure Gazte-txartela bezalakoei esker, aterpekide txartela erdi prezioan eskuratu ahal izango duzu, bidaia-asistentziarako doako aseguru batekin bidaiatu, museoetan doan sartu, kontzertuetara beherapen handiekin joan…

Zer eraman behar dut motxilan?

Motxilero baten bidelagun garrantzitsuena motxila da. Kontuan izan ezazu ehunka edo milaka kilometro egin beharko dituzuela zuen motxila bizkarrean duzuela. Beraz, zelan bete behar dugu gure motxila? Zer da eraman behar duguna? Hementxe dituzu pista batzuk:

Motxileroak hondartzatik
Argazkiaren egilea: Seguir Cody Badger
Lizentzia:CC BY-SA 2.0 
  • Motxila, arin samarra
    Seguru zurekin eraman nahiko zenituzkeela zamarra bakeroa, larruzkoa, marradun galtzak, marrarik gabekoak… baita zure bikotearen metalezko argazki-markoa ere, baina hobe duzu dena etxean uztea. Zenbat eta gauza gutxiago eraman motxilan, hobe. Motxila bizkarrean duzula hilabete egin ondoren eskertuko duzu.
  • Poltsa edo nezeser txiki bat erabili, gauza jakin batzuk gordetzeko
    Argazki-kamera, esaterako. Galtzerdi, elastiko eta galtzen artean bilatu behar baduzu kamera, aurkitu duzunerako lurrera eroria izango da Pisako dorrea.
  • Ordezkaezina den ezer ez eraman
    Amonak oparitu zizun urrezko erlojua eta zuretzat hain estimu handikoa dena, zure gelako tiraderan utz ezazu, itzultzen zarenean han egongo delako zalantzarik gabe. Baina eramaten baduzu, agian ez da itzuliko.
  • Fotokopia itzazu zure agiriak irten aurretik
    Fotokopiatu, edo eskaneatu, eta gero zure ordenagailuan gorde... edo nahi duzuna egizu, itzultzen zarenean identifikatzeko moduren bat izateko, baldin eta zure paperak galdu badituzu. Identifikazio gisa balioko dizute eta izapideak erraztuko dizkizute.
  • Dirua patrika desberdinetan banatu
    Ez ezazu diru guztia patrika bakarrean gorde. Patrika desberdinetan banatu, baita barneko patriketan ere, eta horrela, lapurtzen badizute, ez duzu dendena galduko. Eta saia zaitez diru xehea beti eskura edukitzen gastu txikiak egiteko, eta horrela ez duzu zure billete-mordoa atera beharrik izango txikle-zorro bat erosi nahi duzunean. 

Nora joan

Orokorrean, ez dago mundu osoan motxilero batentzat aproposa ez den tokirik. Hala ere, sarritan, bidaiatzeko mota hau aukeratzen dutenek hainbat herrialde ez dituzte oso gustuko izaten bizi-kostu handia dutelako (Eskandinavia edota Polinesiaren kasu), egoera politiko eta sozial ezegonkorra dutelako (Somalia, Ipar Korea, Irak…) edo turismo tradizionalarekin masifikatuta daudelako (Benidormen ez dituzu motxilero asko ikusiko).

Bestalde, Europako herrialde gehienak gustuko dituzte, garraio publikoaren sarea ona delako, aterpetxe ugari daudelako eta erosoak direlako bidaiarientzat. Praga, Budapest eta azken aldian Kroazia eta Balkanek arrakasta handia dute, eta baita Britainia Handiak, Alemaniak edota Irlandak ere.

Esteka interesgarriak