Prestakuntza eta enplegua Europan
Goi-mailako Hezkuntzarako Europar Esparrua
Europako hezkuntza-sistemetako egiturek oso bestelako ikuspegiak dituzte lanbide-heziketari, goi-mailako irakaskuntzari eta etengabeko prestakuntzari, azterketei eta prestakuntzei dagokienez. Horregatik, "Goi-mailako Hezkuntzarako Europar Esparruak" Europako hezkuntzaren elkargunea izan nahi du. Horrek ez du esan nahi ikuspegi guztiak bateratu behar direnik, estatu kideek beren hezkuntza-sistema ezartzeko autonomiari eutsiko diotelako.
Goi-mailako Hezkuntzarako Europar Esparruak honako helburu hauek ditu:
- Graduko, masterreko eta doktoregoko ikasketak alderatzeko moduko sistema bat.
- Ikasleen lanaren eta ikasketen neurri bat, neurtzeko eta transferitzeko erraza, europar kreditua deiturikoa (ECTS: European Credit Transfer System).
- Europako eta nazioarteko mugikortasuna.
- Unibertsitateko erakunde eta titulazioen kalitatearen bermea.
- Edozeinek, bere aukera ekonomikoak edozein izanik ere, Unibertsitatean sartzeko aukera izatea.
Hezkuntza-sistemen elkarganatze-testuinguru horren barnean, halaber, lortutako prestakuntzak berdindu nahi dira. Horregatik, Europar Batasunak Etengabeko Ikaskuntzarako Prestakuntzen Europar Esparrua (EQF) ezarri du. Erreferentziazko europar sistema komuna da, eta prestakuntzen esparru eta sistema nazional desberdinak lotuko ditu elkarren artean. Praktikan itzulpen-mekanismo baten antzera jardungo du, prestakuntzak errazago interpretatzeko aukera emango duena. Hori laguntza handikoa izango da ikasteko prozesuan murgilduta dauden pertsonentzat eta beste herrialde batera lanera joan nahi duten langileentzat. Sistema horri esker, pertsonek, enpresek eta hezkuntza- eta prestakuntza-zentroek hainbat herrialdetako prestakuntza indibidualak eta hainbat prestakuntza- eta hezkuntza-sistema alderatzeko aukera izango dute. Etengabeko ikaskuntza sustatzeko tresna den heinean, EQF sistemak irakaskuntza orokorra eta helduen irakaskuntza hartzen ditu eraginpean, baita lanbide-heziketa eta -hezkuntza eta goi-mailako hezkuntza ere.
Prestakuntza eta tituluen onarpena
Besteak beste, harrerako herrialdean zure prestakuntzak onartzeko zer egin behar duzun jakin behar duzu. Oso premisa erraz batetik abiatzen da: zure jatorriko herrialdean lanbide jakin batean jarduteko prestatuta bazaude, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan jarduteko ere prestatuta zaude.
Lanbide-prestakuntzak dituztenentzat, berriz, lanbidea arautua dagoen edo ez jakitea da funtsezkoena. Hortaz, honako bi egoera hauek gerta daitezke:
- Zure lanbidea arautu gabe dago lan egin nahi duzun herrialdean. Kasu horretan, ez dizute zertan titulua onartu, ezin izango delako eragozpen juridikorik alegatu zure prestakuntzari loturik bertan lan egitea galaraziko dizunik. Baina helmugako herrialdean lanbide horri dagozkion beharrezko prozedura guztiak errespetatu beharko dituzu, zuretzat ohikoak direnen desberdinak izan daitezkeela aintzat hartuta.
- Zure lanbidea arautua dago. Prestakuntza jakin batzuk dauzkatenei bakarrik dagozkienak dira araututako lanbideak (abokatuak, kontulariak, irakasleak, ingeniariak, osasun-laguntzaileak, medikuak, haginlariak, albaitariak, zirujauak, farmazialariak eta arkitektoak, esaterako). Kasu horretan titulazioa automatikoki onartuko dizute normalean, eta ondorioz edozein estatu kidetan lan egiteko aukera izango duzu.
Harrerako herrialdean araututako lanbide batean jardun nahi baduzu (irakaslea, ingeniaria, psikologoa, abokatua eta abar), zure titulua baliozkotzeko eskaera egin behar diezu lan egin nahi duzun herrialdeko eskumeneko agintariei. Agintari horiek lau hilabeteko epea izango dute erantzuteko, eta, iraupenari edo epeari dagokienez garrantzizko aldeak aurkitzen badituzte zure prestakuntzaren eta harrerako herrialdean eskatzen dutenaren artean, agian lanbide-esperientzia eskatuko dizute zure prestakuntzaren osagarri, edo bestela egokitze-ikastaro bat edo gaitasun-froga bat egiteko eskatuko dizute. Gogoan hartu betekizun osagarri horietako bat bakarrik eskatzeko aukera dutela.
Normala denez, zure benetako prestakuntzen eta esperientzia profesional osoaren onarpena lagungarri izan daiteke beste estatu kide batean lortutako tituluak baliozkotzeko. Gaur egun Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak du tituluak homologatzeko eskumena, eta hortaz horra jo beharko duzu horri buruzko zalantzak argitzeko.
Etengabeko ikaskuntzako programa
Europar Batasunak zenbait hezkuntza-programa jarri ditu abian ikasleen prestakuntza eta mugikortasuna sustatzeko. Horri esker, gaur egun milioika gaztek aukera dute, behin karrera amaitutakoan, doktorego-ikasketak edo praktikak egiteko jatorrikoaz bestelako europar herrialde batean.
Besteak beste, honako azpiprograma hauek osatzen dute programa hori:
- Comenius. Haur-hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntza.
- Leonardo Da Vinci. Lanbide-heziketako ikasleak, langileak eta tituludun berriak.
- Erasmus Mundus: EBtik kanpoko herrialdeekiko irakaskuntza- eta lankidetza-programak.
- Erasmus. Goi-mailako hezkuntzako eta hirugarren mailako lanbide-heziketako ikasleak.